Imanol Landa Presidentzia zinegotziak adierazi duenez, hiru dira gida honen helburuak: euskaraz jarduten diren autore getxoztarren lanak bultzatzea, liburu horiek irakur daitezela sustatzea eta herriko idazleen arteko harremanak sendotzea, hurrenez hurren. Gainera, aipaturiko argitalpenean, Literaturan ibilbidea luzea duten Laura Mintegi, Unai Elorriaga, Kepa Altonaga, Iñaki Friera, Joseba Santxo eta Amaia Iturbide agertzeaz gain, etorkizun oparoa ikusten zaion Xabi Payaren lanak eta datuak ere bildu dituzte; baita gure artean jada ez dauden Jose Olivares Larrondo "Tellagorri", Federico Krutwig eta Marko Olivaresenak ere.
Gidaren 3.000 ale kaleratu dira eta bihar aurkeztuko da jende aurrean, arratsaldeko zazpietan, Algortako Torrene kalean dagoen BBKren aurreko egoitzan, Euskara Jardunaldien baitan. Ondoren mahai ingurua egongo da "Getxoko gazteak eta Euskal Literatura" lelopean; bertan idazle getxoztar hauek guztiek hartuko dute parte. Horretaz gain, leku publikoetan -kultur aretoetan, ikastetxeetan eta abar- egongo da edonoren eskura. Eta ikastetxe, institutu eta euskaltegietan aurkezpenak egiteko asmoa dute, 2005etik aurrera, idazleen parte-hartzearekin.
Ekitaldi ugari Euskararen Egunean
Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, eta jardunaldiekin amaitzeko, erromeria egongo da Algortako San Nikolas Plazan, 19:30etik aurrera. Joselu Anaiak musika talde arituko da bere jai-erritmoez giroa alaitzeko. Gainera, askaria izango da erromerian, San Nikolas ikastolaren eskutik.