Kontseiluak dio 2050ean euskara normalizatu gabe egongo dela dioten instituzioek bultzaturiko ikerketak daudela

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 1a, 22:58

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak gaur ziurtatu du badaudela, gaur egungo hizkuntz politikak aplikatzen jarraitzen diren bitartean, 2050. urtean euskara normalizatu gabe egongo dela dioten eta instituzioek bultzatu dituzten ikerketak. Horrela, gaur egungo hizkuntz politikek "inondik inora" ez dutela euskararen normalizazioa bermatzen salatu du. Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak eta Iñaki Lasa erakunde Ildo Politiko-Instituzionaleko arduradunak prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bilbon, etzi ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan Kontseiluaren hausnarketa azaltzeko asmoz.

"Esan nahi dugu gaur egun aplikatzen ari diren hizkuntz politikekin inondik inora ez dela bermatzen euskararen normalizazioa. Jakin badakigu egin direla instituzioek bultzaturiko ikerketak garbi adierazten digutenak 2050ean euskara ez dela normalizatuta egongo gaur egun aplikatzen diren politikekin", azaldu du Lasak.

Bere iritziz, euskararen normalizazioaren gainean "arreta pixka bat jartzen duen orok" ikus dezake gaur egun aplikatzen diren politikekin eta plangintzekin eta normalizazioaren bidean dauden tresnekin, "nekez iritsiko garela epe ertain eta ulergarri batean euskara normalizatzera".

Konpromisoak

Euskararen Nazioarteko Egunaren aurrean "akziorako unea" iritsi dela nabarmendu du Iñaki Lasak, bere iritziz, "orain ari garelako definitzen 2050eko euskararen errealitatea". Zentzu horretan, euskararen normalizazioa lortzeko neurriak orain aplikatu behar direla ziurtatu du, eta neurri horiek aplikatzeko hiru konpromiso behar direla nabarmendu du.

Alde batetik, norbanakoen konpromisoa aipatu du Lasak, bere ustez, euskararen normalizazioak "herritar guztien konpromisoa" inplikatzen baitu. Aldi berean, Kontseiluak iritzi dio gizarte eragileek ere bat egin behar luketela normalizazio prozesuarekin.

Konpromiso politikoak ere behar direla azpimarratu du. Horrela, Kontseiluak aurkeztu duen Akordio Soziopolitikoa gogoratu du, eta bertara indar gehiago erakartzearen beharra aipatu du. Horrela, dei egin die Akordioan ez dauden alderdiei eta sindikatuei "gurekin batera batera indarrak bildu eta norabide egokian jar ditzaten egiten ditugun ahaleginak normalizazioaren bidean".

Euskararen normalizazioa ahalbidetuko duten beste politika bat eta beste jardunbide batzuk existitzen direla ziurtatu du Kontseiluko ordezkariak. Horrela, etzi ospatuko den Euskararen Egunaren aurrean ekarri "funtsezko lau proposamen" aipatu ditu Lasak.

Lehena normalizazioa arautzen duen corpus juridikoarekin erlazioa duena izango litzateke. Kontseiluaren ustez, gaur egun Euskal Herrian indarrean dauden lege, arau, agindu edota dekretu ezberdinek ez dute ahalbidetzen euskarak behar duen prozesua, eta, zentzu horretan, aztertu eta egokitu egin behar direla azpimarratu du.

"Azterketa eta egokipen horretan ezinbestean hartu behar dira hiru kontzeptu oso funtsezkoak direnak: euskara lehentasunezko hizkuntza izatea, berezkoa izatea eta batez ere ofiziala izatea, gaur egun euskara Euskal Herrian ez delako ofiziala lurralde osoan", gaineratu du.

Halaber, Lasak funtsezkoa deritzo instituzio guztiak inplikatzeari hizkuntz politikaren bidean, are gehiago, "mahai gainean ditugunean Estatutu berria bezalako lege garrantzitsuen eztabaida". "Uste dugu badela unea euskararen ezagutza beharrezkoa eta derrigorrezkoa izateko. Uste dugu herri honek ibilbidea egin duela azken 25 urteetan, eta ondorioz badela unea corpus juridiko horrek hori ere kontuan hartzeko, ezinbestakoa delako normalizaziorako ezagutza zabaltzea", azaldu du.

Hezkuntza sistema

Bestalde, Lasak adierazi du hezkuntza sistemak gaur egun ez dituela belaunaldi berriak oso-osorik euskalduntzen, eta ahalegin hori egin beharko lukeela iritzi dio. Onartu hezkuntza sistemari bakarrik ez dagokiola, bere ustez, "hizkuntz politika oso bat" behar delako helburu hori lortzeko.

"Baina ezin dugu ahaztu hezkuntza sistema funtsezko tresna dela hori lortzeko. Gaur egun aukera hori eskaintzen ez duenez, azterketa sakona egin behar da eta zehaztu praktikan jarri behar dituen tresnak hori benetan bete ahal izateko", nabarmendu du.

Halaber, euskararen normalizazioa ezagutzak bakarrik ez duela ekarriko azpimarratu du, eta, bere esanetan, gaur egungo hizkuntz politikek "batez ere ezagutzari" eman diotenez indarra, hizkuntz politika "integrala eta oso-osoa" behar dela esan du. Soilik ezagutzari indarra ematen dion politika okerra da. Horrekin batera behar da erabilpena sustatuko duen politika", gaineratu du.

Horrez gain, lan-mundua euskalduntzeko azken urteetan "ezer gutxi" egin dela kritikatu du Lasak, eta arlo honetako euskalduntzeak "bultzada garrantzitsu bat" behar duela pentsatzeko unea iritsi dela adierazi du.

Hedabideetaz ere aritu da Kontseiluko ordezkaria, eta euskaldunek dituzten itxaropenak ez dituztela esan du. Horrela, gaur egun euskararen presentzia Euskal Herriko komunikabideetan "oso urria" dela nabarmendu du, eta "kuota politika definitu bat jarri behar ote den" pentsatzeko unea dela ziurtatu du.

Egunkaria

Bestalde, Iñaki Lasak gogoratu du Euskararen Egunean euskararen aldeko diskurtsoak egiten diren bitartean Auzitegi Nazionalean deklaratzen egongo direla 'Egunkaria' kasuan auzipeturikoak. Bere esanetan, "euskararen normalizazioak bizitzen dituen kontraesanen adibide bat" izango da.

Ildo honetan, Xabier Mendiguren esan du "bakoitzak nahi duena" pentsa dezakeela, "baina koinzidentzia batzuk nahiko adierazgarriak" gertatzen direla azpimarratu du. "Argazki bat ematen du. Horrelako bat etortze harrigarri xamar batzuk gertatu izan dira euskalgintzaren aurkako erasoetan, eta seguraski egon daiteke horrelako zerbait", gaineratu du.

Hala ere, auzipetuen deklarazioa Euskararen Egunean izan edo beste egun batean izan, "errealitatea den errealitatea" dela azpimarratu du Kontseiluko idazkari nagusiak. "Alde batetik, ari gara ahalegin handiak egiten, eta, beste alde batetik, ari gara erasoak, jazarpena eta zailtasunak bizitzen. Euskarak eta euskalgintzak ez dute hau merezi, eta horregatik uste dut Euskal Herriko instituzioak, euskalgintzak eta herritarrek elkar harturik egoera honi aurre egin behar diogula", esan du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun