Zarama erretzaileak - Christian Reinicke / Getxo Biziako kidea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 2a, 19:50

Pasa den asteko Getxoko udal batzarrean udalerriko hiri hondakinak bertatik eraman eta beste nonbaiten lagatzeko kontratazioa egiteko baldintza pleguak onartu ziren. Onerako ala txarrerako, baina badirudi Getxoko zabortegia datorren urtean itxi egingo dela. 70eko hamarkadaren hasieran irekitako zabortegiak egokitze lan desberdinak izan ditu azken urte hauetan zehar. Hasieran zabortegiaren egokitze eta handitzeko proiektua izan zena, zarama pilaketaren gehienezko kota jeitsiz zabortegia ixteko proiektua bilakatu zen.

Arduradun politikoen arabera zabortegi honek Europar Komunitateak holako instalazioetarako ezarritako baldintza minimoak ez ditu betetzen eta ixtea derrigorrezkoa da. Baina aldi berean garatu diren proiektu guztiak arazoa gainetik kentzeko eta berton sortzen dugun zarama guztia beste nonbaitera eramateko bideratu dira. Dirua transfer planta batean gastatu eta gastatzen ari da. Udalerri aberatsean sortzen dugun zikinkeria beste udalerri batzuei transferitzeko planta hain zuzen ere.

Planteamendu honen erosokeria ez da gainera horretan bukatzen eta ezker abertzaleko kideok urteak daramatzagu Getxoko hondakinak zabortegia itxi eta gero inzineradorara eramango dituztela salatzen. Ezetz esaten baziguten ere, Zabalgarbiko errauskailura bezala Basordako zabortegira ere eraman zitezkeela, asmatzeko ez zen aztia izan behar. Pasa den barikuan onartutako baldintza pleguek argi uzten dute, Ezker Batuaren baiezko botoaz, zein den EAJren aukera.

90eko hamarkadaren hasieran errauskailua Erandion paratu nahi izan zuenean, espero ez zuen herritar oposizioa izan zuen aurrean Bizkaiko diputazioak. Talde ekologista eta ingurugiroarekiko sentiberatasuna erakutsi zuten sektore zabalen laguntzaz, Erandioztarrek atzera bota zuten proiektu hura eta Solabarrieta anderearen gidaritzapean diputazioa beste kokapen fisiko baten bila hasi zen. Aldi berean Garbi maskota asmatu eta irudia zaintzeari ekin zioten. Pentsatuko zuten baino denbora gehiago igaro da geroztik, baina azkenean, gora behera askorekin bada ere, zarama errausteko lantegia Bilbon egiten lortu dute. Eskerrak duela 14 urte hain premiazkoa zela!

Urte hauetako gora beheretako bat Ezker Batua Bilboko udal gobernura sartu zeneko garaikoa da. Hasieran ezetz, inzineradorarik ez zioten, baina apurka apurka amua irensten joan ziren. Une batean Bilboko zaramak Zabalgarbin ez zirela erreko esan zuten eta baliteke oraindik sasikonponketa hori oraindik indarrean izatea, Artigako zabortegiak urte batzuetarako kapazidadea du eta. Bitartean lantegi berria beste nonbaitetik elikatu beharko da, Ezkerraldeko udalerriak eta Getxo emailerik oparoenak diruditelarik. Getxon sabeleraino irentsiko du amua Ezker Batuak.

Eta denok dakigunez zarama erretzaileen istorioa tamalez ez da Bizkaian bukatzen. Zabalgarbikoak bidea sasirik gabe aurkitu ahala, Gipuzkoan iragarri izan dira hiri hondakinak errausteko proiektu berriak. Pozgarria da ikustea 90eko hamarkadan Erandion bezala, orain Urnietan, Txingudin, Donostian, herritar oposizioa indartsu dagoela.

Irtenbideak eta alternatibak Erandion `birziklatzeari bai´ eta `errauskailurik ez´ oihu egiten zeneko berberak dira. Itxuraz kontrakoa dirudien arren, diputazioak eta udalek ez dute hiri hondakinen murrizte, berrerabiltze eta birziklatzea behar bezalako seriotasunez hartu. Ikuspegi ekonomizistak dira nagusi eta sailkatzearen kosteak herritarrarengan kargatzen dira. Kontenedore horiak jartzen dira diruz errentagarriak direlako eta bertara sartzen ditugun eta birzikla daitezkeen ontzi guztiak ez dira birziklatzen. Zornotzako sailkatze plantan yogurt potoak adibidez ez dira biltzen eta Igorreko zabortegira botatzeko soberakinekin pilatzen dira, poto hauek batzeko behar den eskulana potoak eurak baino garestiagoa delako.

Aparteko kapitulua hondakin organikoen konpostajeak mereziko luke. Lizarraldean 12 urte daramate hiri hondakin organikoak Karkar udalerriko plantan arrakastaz konpostatzen. Sailkatze sistema eta teknologia sinpleak, baina arrakasta handia. Bizkaian zuhaitz eta landare mozketetako hondakinak konpostatzeko lantegia Derion, besterik ez dago.

Hiri hondakinen tratatzeko era Iparraldean ere eztabaidatzen ari da. Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoako Garapen Kontseiluak, proposatu zitzaizkion bost aukeretatik, zuhurtasun printzipioari helduz erraustea baztertu eta konpostajean oinarritutako balioztatze biologikoaren alde egin du, ahaleginik eta lanik handiena eskatzen duena den arren.

Bistan da aurrez inposatutako ereduak ez daudenean eztabaida eta aukera libreak izan daitezkeela, baina teknokrazia nagusi denean, politikari profesionalek justifikazio lan zikina baino ez dutela egiten. Horiekin egin dute bat Getxo Biziari zinegotzi postua ostu diotenek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun