Hasteko, bat gatoz Euskal Herrian ziklo politiko berri bat ireki behar delako ideiarekin. Eta ziklo hori marko juridiko eta politiko berri batean gauzatu behar dela. Ados gaude, halaber, egoera honetara iristeko ezker abertzaleak Espainiako trantsizioari egindako erresistentzia eta gure herriaren eskubideen alde eginiko apustuak erabakigarriak izan direla. Hori esan ondoren, gehitu behar dugu Anoetako dokumentuan eta ondoren egindako adierazpenetan printzipio politikoetan aldaketa sakonak daudela iruditzen zaigula. Eta aldaketa horiekin batera esaldi desegokiak, anbiguotasunak, zehazgabetasunak, eta (agertzen diren moduan) onartezinak diren proposamen batzuk ere badaudela.
Dokumentuak dioenez, indar politikoen arteko akordioak "tendrá en cuenta tanto la historia como la actual realidad de Euskal Herria". Otegik oraingo egoeratik eskubide guztiak errespetatuak izango diren beste batera pasatzea "de tránsito gradual" modura definitu zuen prozesuaren barruan ikusten du. Horretaz esan behar dugu ezker abertzaleak beti eraman duen politikan aldaketa estrategikoa dela, hots: oraingo esparruak ez onartzea, eta horien barrutik abiatuta mailaz maila joanez gero ez direla inoiz helburuak lortuko. Adibidez, estatutuak hobetuz eta hobetuz ez dugu sekula subiranotasuna lortuko; edo lurralde zatiketatik abiatuta ez dago Euskal Herria batu eta libre batera iristerik. Eta hori, oraingo esparruak askatasuna ekiditeko propio pentsatuak direlako.
Geroago Otegi gauzak ñabartzen saiatu den arren, prozesua aldi berean oraingo errealitatetik eta gure Herriaren eskubideen ezagutzatik abiatu behar zela esanez horrek ez du inolaz ere aldaketa estrategikoa zuzentzen, ezen aldiberekotasun hori praktikan ezinezkoa baita. Eta hori larria da, batez ere Nafarroaren kasuan, Telesforo Monzonek argi esanda utzi zuen-eta, ez dagoela inongo Euskal Herria eraikitzerik Nafarroa alde batera utzita. Gogora ekar dezakegu pasa den mendean Irlandak Erresuma Batuarekin akordioa lortu zuenean, "oraingo egoeratik abiatuz", ordaina izan zela iparraldeko konderriak unionisten eta ingelesen eskuetan uztea. Guztiok ezagutzen ditugu akordio haren emaitzak.
Egia da Irlandako konstituzioetan etorkizuneko balizko uhartearen batasunaren akordioa sartu zela, baina hori paper errea izan da, haren kontra joan den politika zehatza egin baita. Hain zuzen ere, Euskal Herria oraingo abagune garrantzitsura iritsi baldin bada "gradualismoa" eta oraingo errealitatea abiapuntutzat hartzea errefusatu dituelako izan da. Posizio horiek ez dira gureak eta bai beste batzuenak; PNVrenak esaterako. Guretzat subiranotasuna eta lurraldetasuna abiapuntuak dira, berehalako onarpena eskatzen duten enuntziatu askatzaileak, eta berauek ukatzen dituzten egungo esparruak eskubide horiek zapaltzeko eginak dira. Anoetan entzundako beste esaldi bat: "Es responsabilidad política de la izquierda abertzale, aquí y ahora, sacar el conflicto de las calles y llevarlo a una mesa de negociación y diálogo".
Zinez desegokia deritzogu esaldi honi. Gatazka beti egon da alde guztietan: kalean, instituzioetan eta negoziaketa mahaietan (eta izan, izan dira) ere bai. Eta gatazka konpontzeko edozein prozesuk ezin du beraren agerpen gatazkatsurik ekidin. "Conflicto de las calles" delakoak ez ditu bakarrik borroka armatua eta kale borroka barnean hartzen, herriaren borrokaren alor desberdinetan dauden herri mugimenduak eta masa-borrokak ere bai. Kalean egindako borroka, politikan gauzak aldatu nahi dituztenen adierazpen ohikoena da: intsumisio mugimendu guztiak, presoen aldekoak, langileak, ikasleakÉ eta ez dira, gure ustez, desagertu behar negoziaketa mahai bat martxan dagoelako.
Pentsa dezagun, beraz, gaizki adierazitako ideia izan dela, bestela larria izango litzateke, oso. Arazo horretaz ari da, hain zuzen ere, Alizia Sturtze (Gara, 04-11-14) Nuevo ciclo y protagonismo popular delako artikuluan hau dioenean: "Parece imprescindible que el pueblo recupere parte del protagonismo perdido. Y es que un nuevo ciclo no podría ser tal si sólo significara profundización de la institucionalización y profesionalización de la política". Edo Mario Zubiaga Eliteen otordua (Gara, 04-11-19) artikuluan: "Zer da politika kaletik ateratzea? Gizarteari protagonismoa kentzea?". Bestalde oso ondo legoke "tener relaciones de complicidad con el enemigo". Betiere etsaia etsai ez bada jada, eta aurkari politiko bihurtu bada.
Eta zer da aurkari politikoa? Funtsezko gauzetan bat datorrena eta bigarren mailako arazoetan ados ez dagoena. Eta zer da funtsezkoa guretzat? Euskal Herriaren subiranotasun politikoari eta lurraldetasunari errespetua izatea, bai eta, bere kultura eta hizkuntzari ere. Errespetu hori falta bada ez dago konplizitate posiblerik. Beste alde batetik, nabaria da bideak "politikoak eta demokratikoak" izango direla. Baina ez dezagun hori parlamentarismo eta instituzionalizazio soilekin nahastu. Kalean eta beste esparru batzuetan egiten den politika ere politika parte-hartzailea, alegia guztiz demokratikoa da. Azkenik, guztiz onartezina deritzogu presoen, erbesteratuen eta biktimen arazoa esklusiboki ETA eta bi estatuetako ordezkariak egongo diren mahai batean ebatziko dela proposatzea.
Lehengo mahaian eragile politiko, sozial eta sindikatuetakoek parte hartuko badute, zergatik bigarren honetan ez? Gogora dezagun deportatu, torturatu eta "biktima" asko ez direla ETAkoak. Eta baldin badira ere, kolektibo horien alde borrokatu duten pertsonek zer esanik izango dute, ala ez? Bigarren mahai honetan herriaren presentzia ahanztea despistea baino zerbait gehiago dela iruditzen zaigu.Paradoxikoa da orain arte etsaiak gure hainbat ideia ostu digularik, oraingoan Anoetako dokumentua etsaiaren kontzeptuz josita agertzea: "partir de la realidad", "evolución gradual", "paz", "sacar el conflicto de las calles", "de manera pacífica y democrática"... Halako lurreratzea, alajaina!
Berria egunkarian 2004ko abenduaren 2an argitaratutako iritzi artikulua