Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatzen da, hau da, Xabierko Frantzisko deunaren egunean, baina data horren jatorria Eusko Ikaskuntza erakundeari estu lotzen zaio. Lehenengo Euskararen Eguna duela 50 urte baino gehiago ospatu zen, 1949an, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Ipar Euskal Herrian ez ezik, Parisen, Mexikon, Caracasen, New Yorken eta beste leku batzuetan ere ospatu zen Euskararen Eguna. Geroztik, urtero egin da egunaren ospakizuna Xabierko Frantzisko deunaren egunean beti ere.
1995ean, kanpoko Gizataldeen Lehen Mundu Biltzarrean, Uruguaiko ordezkaritzak eguna berrindartzeko proposamena egin zuen. Diasporako euskaldunek egun handitzat zutena Euskararen Egun ofizial izendatzeko eskatu zuten uruguaiarrek.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak ontzat eman zuten proposamena eta abenduaren 3an, Xabierko Frantzisko deunaren eguna, Euskararen eguna izendatzea erabaki zuten.
Antzerki ikuskizunak, ipuin kontalariak, erromeriak eta beste hainbat jarduera egingo dituzte Uribe Kosta eskualdeko herrietan, abenduaren 3ko (bihar) Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Horrekin batera, Algortan, euskararena ez ezik Nafarroaren Eguna ere ospatzeko musika doinuz eta dantzaz beteriko kalejira antolatu du Gorrondatxe Kultur Elkarteak. (Ikusi ekitaldiak agendan)