"Eskolak Euskaldundu!" ekimena Getxora heldu da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 4a, 19:25

Urriaren bukaeratik hona Euskal Herriko hainbat udalerritan ikusgai egon den "Eskolak Euskaldundu!" kanpainaren erakusketa ibiltaria Getxon izango du lekua abenduaren 6a eta 11 bitartean. Hain zuzen ere, gure herria aukeratu dute ekimen horren ildora Uribe Kostan eskualdean erakusketa ibiltaria eta hitzaldia egiteko.

"Eskolak euskaldundu" ekimena hezkuntza arloko eta euskalgintzako eragile hauek jarri dugu martxan: AEK, Euskal Herrian Euskaraz (EHE), Euskal Herriak Bere Eskola, Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea (EHIGE), Euskal Konfederazioa, Ikasle Abertzaleak, Kontseilua, Oinarriak, LAB eta Sortzen-Ikasbatuaz.

Kanpainaren helburua

Kanpaina honen helburua da euskaldunduko duen eskola aldarrikatzea, herritar ororentzat, Euskal Herri osoan. Izan ere, herri ekimenez euskararen normalizazio prozesuan urrats handiak eman badira ere, honako hau da argazki argi bezain kezkagarria: euskal eskoletan ikasten ari diren ikasleen %62 ez da euskaldunduko (268.354 ikasle). Horixe da, hain zuzen ere, A, B eta G ereduetan ikasten ari den ikasle kopurua.

Hezkuntza administrazioak egoera honen gaineko erantzuleak dira, azken bi hamarkadetan garatu dituzten hizkuntza politikek ez baitute herritar guztien euskalduntzea bermatu. Eta EAEko hezkuntza administrazioak erantzukizun berezia dauka, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan biltzen baitira euskaldunduko ez diren ikasle horietatik gehienak: 154.161 ikasle.

Eskolak euskaldundu behar du, orain arteko hizkuntza politikek porrot egin dute, ez dutelako ikasleak euskaldundu eta gaur egun ere ez dituztelako euskalduntzen. Beraz, hizkuntza politika berria beharrezkoa da; euskaldunduko duen hizkuntza politika.

Erakusketa

Euskal Herriko lurralde ezberdinetako hezkuntz ereduen egoera aztertzen duten hamabi panel osatzen dute erakusketa, gehi Getxorako bereziki egindako udalerriko hezkuntza zentroen gaineko azterketa, euskarari dagokionez.

Hona "Euskararen ezagutzaren bermerako proposamena":

Proposamena (pdf formatoan)


Ekitaldien egitaraua

- Erakusketa ibiltaria:

Abenduak 6, astelehena
Lekua: Kolas plaza (herri eskolak) – Itzubaltzeta / Erromo
Ordutegia: 13:30 – 14:30

Abenduak 7 eta 8, martitzena eta eguaztena
Lekua: Telletxe plaza - Algorta
Ordutegia: 11:00 – 14:00

Abenduak 9 eta 10, eguena eta barikua
Lekua: Aldai Kulturgunea (Teilagorri plaza ondoan) - Algorta
Ordutegia: egun osoan zehar

Abenduak 11, zapatua
Lekua: Xake plaza (Komiki Azoka aurrean) - Areeta
Ordutegia: 11:00 – 14:00

- Hitzaldia:

Abenduak 9, eguena
Aldai Kulturgunean (Teilagorri plaza ondoan)
19:30ean
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun