Osteguneko udalbatzan onartuak izan ziren aurrekontuak "atzerakoitzat" jo eta horiek "auzotarren beharrei irtenbiderik ematen ez" diela adierazi du Koldo Martinez Berangoko EB-Berdeakeko zinegotziak. Honen hitzetan, udal gobernu batzordeak (EAJ eta EA) "gehiengo absolutuak ematen dion zapalkuntza politikoaz" baliatzeaz gain, ez zituen bere taldeak aurkeztutako zuzenketak aintzat hartu. Gizarte eta babes ofizialeko etxebizitzak egin ahal izateko lurrak erostea eskatzen zuen Ezker Batuakek, "tokiko erakundeak tasatutako salneurriko pisuak eraikitzeko azaldu duen asmoaren aurka". "Aberatsen eskura baino ez daude horiek", Martinezen arabera.
Zatikako zazpi eta osoko zuzenketa bat aurkeztu zituen osoko bilkuran Koldo Martinez Berangoko EB-Berdeakeko zinegotziak. Besteak beste, garapen lankidetza proiektuetara aurrekontuan %0,7 bideratzea, emakumeenganako tratu txarren aurkako eta aisialdi alternatiborako egitasmo bereziak laguntzea, oztopo arkitektonikoak kentzea, bidegorria jartzea eta gizarte eta babes ofizialeko etxebizitzak egin ahal izateko lurrak erostea eskatzen zuen aipatutako alderdiak. Hala ere, Martinezek kritikatu duenez, "Berangon gizarte etxebizitzen beharrik ez" dagoela argudiatu omen zuen Miren Dobaran alkateak. "Bilbo Metropolitarreko Lurrelde Plan Partzialak planteatzen duenaren aurka, tasatutako salneurriko pisuak nahi ditu udal agintariak", azaldu du Ezker Batuako ordezkariak.
Halaber, Gizarte Ekitza egitasmoetarako "diru kopuru eskasa" bideratzea ere aurpegiratu diote Dobarani, "aurrekontu osoaren %6 baino gutxiago". Hori dela eta, "aberatsei mesede" egitea egotzi dio Berangoko Udalari EB-Berdeakek, "gutxiago daukaten gazteak eta emakumeak bezalako kolektiboak baztertuago utziz".
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.