Egunkaria ixteaz batera, 10 lagun atxilotu zituen Polizia Nazionalak: Martxelo Otamendi "Egunkaria"-ren zuzendaria, Juan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Fermin Lazkano, Iñaki Uria, Pello Zubiria, Luis Goya, Inma Gomila, Xabier Alegria eta Xabier Oleaga erandioztarra ere bai. Hain zuzen ere, orain hiru egun eskas jaso zuten "Egunkaria afera"-gatik auzipetuta zeuden zortzi lagunek epailearen autoa.
Oraindik orain, eta kazeta itxi zutela ia bi urte pasatu diren honetan, ez dago prozesatutakoen aurkako froga sendorik eta "Euskaldunon Egunkaria"-ren egoitza prezintatuta dago.
"Euskaldunon Egunkaria" itxi ostean, EKT enpresa sortu zuten euskarazko kazetaren bultzatzaileek. Horretarako "Euskaldunon Egunkaria"-ko 151 langileek egindako 60.350 euroko ekarpena behar izan zen. Ondoren, euskal gizarteari egin zioten deia; 5 milioi euroko kapitala biltzeko kanpaina egin zuten. Horren haritik, 4.600.000 euro jaso ziren eta 24.400 akzio saldu.
Horren guztiaren emaitza da egun den Berria egunkaria. 2003ko ekainaren 21ean kaleratu zen lehendabizikoz, "Euskaldunon Egunkaria"-ren printzipio berekin.
Kontzentrazioa auzipetuei elkartasuna adierazteko
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren egoitzaren ondoan, kontzentrazioa egin dute eguerdian "Egunkaria afera"-n auzipetutakoei elkartasuna adierazteko. Durangoko azokaren aurrean "Egunkaria aurrera, epaketarik ez" mezuarekin bilkura egin dute. Bildutakoen artean, Xabier Alegria zegoen, Egunkariaren auziaren baitan larunbatean irten baitzuen kartzelatik.
EITB24n argitaratutako albistea