Gazteria Zerbitzuak hainbat tailer antolatu ditu Gabonetarako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 7a, 21:50

Getxoko Udaleko Gazteria Zerbitzuak bost tailer antolatu ditu Gabonetarako 12 eta 17 urte arteko neska-mutikoei bideratuta. Larruaren langintza, drogen problematikari buruzko ezagutza, zirkoa eta malabarrak, perkusioa eta sexualitatearen gainekoak izango dira. Euskeraz eta gaztelaniaz emango dira, 18:00etatik 20:00etara, Algortako Kultur Aretoaren egoitzan (Villamonten), abenduaren 27a eta urtarrilaren 7a bitartean. Tailerren salneurria 3 eurokoa da, bakarrera joatekotan; bi baldin badira 5 euro, eta 10 euro tailer guztietan parte hartu ezkero. Izena eman nahi duten guztiek abenduaren 13tik 18ra bitartean egin beharko dute Gazte Informaziorako Bulegoan, Tangora Etxean (Algortako Etorbidea, 98). Argibide gehiago gaztebulegoa@getxo.net edo 94 491 01 14 telefono zenbakian.

Helburua

"Aisialdia eta heziketa uztartu nahi ditugu, jolasen bitartez irakatsi eta balore positiboen transmisioa sustatzeko. Gazteen parte-hartzea ahalbidetzeaz gain, beraien espektatibak eta nahiak zeintzuk diren jakin nahi dugu", azaldu du Imanol Landa Presidentzia zinegotziak.

Egitaraua

Abenduaren 27an, astelehena, larru-tailerra egingo da, gazteek larrua lantzeko teknika ezberdinak ikasi eta nork bere objektuak egin ahal izateko (diruzorroak, eskumuturrekoak, estutxeak... ) Hurrengo egunean, "Drogen gainean zer da dakiguna?" gaia aztertuko da, eta bertan substantzia horiei buruz nerabeek dituzten zalantzak argitzen saiatuko dira, hala nola, droga-gai ezberdinekiko menpekotasunaren esannahia eta horiek hartzen dituzten pertsonentzako arriskuak.

Abenduaren 29an, asteazkena, "Zirkoko teknikak eta malabarrak" landuko dira, beti ere era praktiko batean (diaboloa, mazoak, pilotak... ), eta ostegunean "Perkusio" ikastaro bat izango da. Hainbat tresna ezagutu eta ezberdintzen ikasteaz gain, horietako batzuk jotzen irakatsiko zaie, entzumena, eta erritmo berriak landuz.

Jaiegunen ostean ekingo zaie berriz tailerrei. Urtarrilaren 3an, astelehena, sexualitateari buruzko tailerra egongo da, gaiaren inguruan egon litezken zalantzak argitzeaz gain, kulturak sexualitatearengan duen eragina aztertzeko. Hurrengo egunean perkusio ikastaroaren jarraipena egingo da. Azkenik, urtarrilaren 7an emango zaio amaiera ekimenari, parte-hartzaileentzat antolatuko diren kontzertu eta mahai-jokoekin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun