Gaur eta bihar Espainiako Auzitegi Nazionalean duen epaiketan, Madrilen 1994ko maiatzaren 23an gertatu zen beste ekintza bat (aurreko epaiketarenaren data berean) leporatu nahi diote. Ekintza honetan Miguel Peralta Utrera Lur-Armadako tenientearen (gaur egun kapitaina omen) kontra kotxearen azpian, lehergailu bat ipini zuten, eta horren ondorioz hilda gertatu zen.
Aurrekoan bezala, oraingoan ere akusazioak duen oinarri nagusiak dira, batetik, atxilotu batek guardia zibilaren eskuetan 5 egunetan izanik egindako deklarazioak, nahiz eta gero epailearen aurrean dena ukatu eta torturak salatu. Eta bestetik, Muni estatu frantsesean atxilotu zutenean aldean omen zeramatzan diskete batzuk, ekintza horren nondik norakoak agertzen dituztenak.
Estradizio zabalpenak
Bestalde, abenduaren 8an eta 15ean bi bista izango ditu Parisen. Biak dira estradizio zabalpenak. Lehena Madrilen FNAC izeneko komertziogunearen kontra ipinitako auto-bonba batengatik eta bigarrena Aznarren kontra egindako ekintzarengatik.
Aipatzekoa da, estradizio zabalpen hauek eskatzeko duten oinarri bakarra Muni atxilotu zuten operazioan atzemandako diskette batzuk direla, barruan zuten ekintza hauen deskribapenengatik. Beraz, bitxia da, 1995ean izandako operazio polizial batean harrapatutako materiala erabili ez izana harik eta Muni espainaratua izan artean. Horren ondorioz, Munik ez du aukerarik izango fisikoki agertzeko Pariseko Auzitegiaren aurrean, eta horrek presoaren defentsagabezia dakar.
MUNI ASKATU!
Oihua
Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren agerkari elektronikoa
e-posta: oihua@barrutik.org
http://oihua.webgune.net