Irlandako bake prozesua, ustelduta - Antton Azkargorta / EHUtik kaleratutako irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 11a, 19:37

Azken berrien arabera, Irlandako bake-prozesuaren aurreratze inportante batek kale egin du. Kontua da Ian Paisley (DUP) tematuta dagoela IRAren armen dekomisoa argazkitan islatu nahirik. Eta argazkiak, berez, ez dira arazoa, baizik eta Paisley berak adierazi duenez, horrekin IRAri burua makurtu araztea. Espero zitekeenez, IRAk ezezko borobila eman dio DUPeko buruzagiari eta horrek kinka larrian ipini du bake-prozesu osoa. Ez dezagun ahaztu, alabaina, krisi egoera zazpi urteetan luzatzen doala, Ostiral Santuko akordiotik hain zuzen ere. Eta akordio hori posible egin zuen IRAren su-etena duela hamar urte gertatu zen.

IRAk onartu duenez, Paisley-ren eskaria probokazio hutsa da, eta IRAren kontrako erreakzioa bilatzen du. Erreakzio hori aitzakiatzat hartuko lukete gatazka amaitu nahi ez duten unionistek. Baina zergatik umiliatze nahi hori, gatazkaren beste parteek ontzat emana baitaukate Blair-ek eta Dermot Ahern-ek (Hego Irlanda) adostutako proposamena? Zergati ezberdinak daude.

Orain dela zazpi urte Ipar Irlandako bizilagunen %75a akordioaren alde zegoen. Akordioaren kontrakoa, Paisley-k zuzendutako %20ko gutxiengoa zen. Orain berriz, unionisten etengabeko oztopoen ondoren, eta horiei Sinn Fein-ek eta IRAk erantzun egokirik ez emanak, egoera aldatu egin du. Paisley-ren DUP, lehen alderdi unionista bilakatu da. Beste partidua, UUP, Trimble-rena, teorian akordioen aldekoa, lehena izatetik hirugarrena izatera pasatu da (Sinn Fein-en atzetik) eta bere barne zatiketa ere izan du, Jefferey Donaldson-ek zuzendua. Beraz, tarte honetan akordioaren kontrako jarrerak indartu egin dira.

Bitartean, talde unonista armatuek, nola edo hala, ekinean segitu dute, katolikoak erasotzen, etxeak erretzen eta beste protestanteak hiltzen. Orangeko Orden atzerakoiak segitzen du bere martxa militarrak auzo katolikoetatik pasa arazten, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Akordiotik sortutako instituzioak airean daude, armada ingelesak bertan dirau, eta funtsean gobernu ingelesa da lurraldea kudeatzen duena. Bake-prozesua beraz, izoztuta edo ustelduta dagoela esan daiteke.

Bestalde, egia da Sinn Fein-ak gorakada nabarmena izan duela hauteskundeetan, Hume-ren sozial-demokrataren gainetik. Baina, oro har, egia da baita ere katolikoek ez dutela aspaldiko %40a gainditu.

Egoera honetan, IRAk impasseetatik ateratzeko egindako amore emate etengabeak ikusita, zergatik egin behar dute atzera oraingoan protestanteek, beraiek akordioaren kontra baldin badaude? Zeren eta Paisley-k bilatzen duena, ez gaitezen erratu, Ostiral Santuko akordioaren funtsezko puntuak aldatzea baita. Ez du nahi Sinn Fein-ekin boterea partitu; parlamentua gehiengoaren esku nahi du, beraz, bere esku. Aterako diren legeak eta xedapenak protestanteen pribilegioak mantentzearen aldekoak nahi ditu, eta batez ere, Irlandaren batasunerako bidea itxi nahi du.

Egoera honetara heldu dira unionistei “egiten utzi” egin zaielako eta Irlanda eta Ingalaterrako gobernuak “noiz aspertuko” ziren itxaroten egon direlako. Eta honezkero, ez da irtenbide onik susmatzen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun