Itxaso Payak irabazi du "Okelar" Bertsopaper Sariketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 13a, 20:31

Bizkaie! aldizkari elektronikoak jakinarazi duenez, Itxaso Paya algortar gaztea izan da nagusi Mutrikuko Bertso Eskolak antolatzen duen “Okelar” Bertsopaper Sariketan. Guztira, Euskal Herri osoko lagunek idatzitako 41 bertsopaper aurkeztu dira aurten aipatu lehiaketan, bi mailatan sailkaturik (helduak eta gazteak). Argazkian, Ainhoa Mendibil, Jone Uria eta Itxaso Paya (Bizkaie!)

Abenduaren 18an izango dira eskuratutako bertsopaper guztiakin argitaratuko eta 3 eurotan salduko den liburuaren aurkezpena (eguerdiko ordubatetan Mutrikuko Harriturriaga enparantzan) eta sari banaketea.

Xabi eta Fredi Bizkaiko finalean egongo dira

Paya anai-arreben artean gazteena da Itxaso. Baina dauzkan 15 urte laburretan bertsotan duen abilezia erakutsi du behin baino gehiagotan algortar neskatoak. Besteak beste, bigarren postua lortu zuen, 15 eta 16 urtekoen artean, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak antolatutzen duen Bizkaiko Umeen eta Gaztetxoen XXI. Bertsolari Txapelketaren finalean, ekainaren 4an.

Hori gutxi balitz, zorioneko dabiltza payatarrak azken egun hauetan. Hain zuzen ere, abenduaren 5ean jakin zen bai Fredi, bai Xabi hilaren 19an Bilbon jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean izango direla Igor Elortza, Etxahun Lekue, Arkaitz Estiballes, Unai Iturriaga, Igor Muniategi eta Iratxe Ibarra bertsolariekin batera.

Puntuen arabera sailkatu dira biak. Hala ere, esan beharra dago Xabi Payak ez zizkiola gauzak erraz jarri Igor Elortzari Elorrion jokatutako finalaurrekoan, azkenenean durangarra gailendu zitzaion arren. Zortzi finalisten artean, Elortzak du puntuaziorik altuena eta, gainera, 1998tik berea duen txapela defendatuko du finalean. Azken hiru aldietan irabazi du, eta igandean sasoian dagoela erakutsi zuen. Bermeoko, Getxoko eta Elorrioko finalaurreetan irabazita zuzenean finalera doazen atzetik (Elortza, Lekue eta Estiballes hurrenez hurren) puntuazioen arabera sailkatutakoen artean lehenengoa izan zen Xabi Paya. Bere anaia nagusia Fredik Bilboko saiorako azken txartela eskuratu zuen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun