25 urte eta gero... Euskal Herrian Euskaraz!

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 13a, 21:29

Dakizunez, 1979. urtean Durangoko Azokan aurkeztu zenetik Euskal Herrian Euskaraz erakunde euskaltzaleak 25 urte bete ditu. Ez da makala gero! Urte guzti hauetan euskararen defentsan ehunka euskaltzale bildu eta antolatzeaz gain, hamaika ekintza, mobilizazio eta borroka eraman ditugu aitzinera. Baina noski, horietako asko, hainbat eta hainbat euskaltzaleren laguntza eta inplikaziorik gabe burutzea ezinezkoa zatekeen. Hortaz, EHEk urteurren garrantzitsu honen harira antolatu duen ekimen nagusian euskalgintzan lanean diharduzuen lagun guztioi zein euskararen aldeko borrokan modu ezberdinean inplikaturik zabiltzatenoi parte hartzeko deialdia luzatu nahi dizue. Euskararen normalizazio prozesuan eta euskararen defentsan EHEko kideok nazio zein herri mailan hamaika pertsona, erakunde eta elkarterekin elkarlanean aritu gara eta zorionez eta hala behar duelako, gaur ere horretan gabiltza. Horregatik, garrantzitsua iruditu zaigu, euskararen aldeko lanean zabiltzaten guztioi deialdi hau egitea.

25. urteurrenaren Ekitaldi Nagusia abenduaren 18an (zapatuan) Iruñeko Anaitasuna Kiroldegian egingo dugu, arratsaldeko 18:00etan hasita. Ekitaldi honetan milaka euskaltzale biltzea dugu erronka eta 25 urteotako bilakaeraren berri emateaz gain, une honetaz eta aitzinera begirako norabideaz sakondu nahi dugu. Tartean hainbat emanaldi ere izango dira: bertsolariak, abeslariak... Horiekin batera euskalgintzaren parte hartzea egongo da eta era berean urte hauetan guztietan EHEn ibili izan diren pertsonek leku garrantzitsua izango dute. 25. Urteurreneko Agiria ere irakurriko dugu. Ekitaldia amaitzean Imuntzo eta Beloki trikitilariek eta Anje Duhalde kantariak giroa alaituko dute.

25 urte ez dira egunero betetzen eta horregatik antolatu dugu honelako ekitaldi bat. Horrexegatik, euskaltzale guztiok biltzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Horixe da egiten dizuegun deia. Abenduaren 18an Iruñera hurbildu eta beste behin ere euskararen aldeko oihu ozena lau haizetara zabaltzeko aukera paregabea baita. Azkenik, deialdi hau zure inguruan ahalik eta gehien zabaltzeko eskaria egin nahi genizuke.

Ekitaldira joateko zein parte hartzeko erraztasunak eman nahian, Uribe Kostatik autobusa antolatu da. Arratsaldeko 4etan irtengo da eskualdetik Iruñearuntz. Ekitaldia eta gero, 25. urteurrena ospatuko dugu Euskal Herriko hiriburuan poteatzen. Ondoren, goizeko 3etan alde egingo dugu. Bidaiak 9 euro balio ditu.

Abiapuntuak

- Sopela: Elizpen, 16:00etan (Nikola AEK euskaltegian izena emon)

- Algorta: Kirikiñon, 16:05ean (Amnistia Tabernan izena emon)

- Itzubaltzeta: Sabecon, 16:10ean (Branka Herriko Tabernan izena emon)

- Leioa: Txomin Arestin, 16:15ean (Kurkudi Herriko Tabernan izena emon)

- Erandio: Gasolinoan, 16:20an (Hegoalde Herriko Taberna izena emon)

EHEren 25. urteurreneko kantua egin dute

Euskal Herrian Euskaraz taldeak 25. urteurrenaren harira egindako kantua aurkeztu zuen ostiralean (abenduak 10). Fredi Payak egin du abestiko letra. Musikaz berriz, Surfin Kaos taldea arduratu da.

Abestia entzun (mp3)


Gaiaren inguruko berriak:

Euskal Herrian Euskaraz, sasoian eta kantari - Berria (2004 Abe 11)


Uribe Kostako EHEko taldeekin harremanetan jartzeko:

Algortako EHE
Itzubaltzetako EHE
Leioako EHE
Sopelako EHE
Bestelako herrietan EHEko taldea sortzeko


Besterik gabe, zure parte hartzea izango dugulakoan, jaso ezazu agur bero bat! Adiorik ez!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun