Benito Abrisketa - Josu Landeta / irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 13a, 21:55

Hiru aste izango dira Ganekogortatik osteratxu bat egin neuela; edoien txapela mendiaren goiko aldean, euria eta haize gogorra... kaminoaren erdian buelta egin eta ostabere kotxera joan eragiten dauan aroa. Halanda bere, mendizale senari kasu egin eta aurrera segidu neuen.

Goiko puntuan laino artean buzoia, buzoiaren ondoan erpin geodesikoa, eta erpin geodesikoaren alde batean oroigarri bat bere izen, testu eta guzti: Benito Abrisketa Kortajarena. Orduan pentsamendua beste alde batera doa: Ez ete da gizon hori orain dala zazpi edo zortzi urte AEKn nengoanean bideoan berbatan ikusten genduan hori?. Grabazinoa euskararen bidean izeneko bideo sorta batean egoan, eta Bizkaiko hainbat herritako jatorrizko euskaldunak urteten euden.

Aitatu dodazan grabazino horreetan euskaldun askoren ereduak egoazan, baina Benito Abrisketarena izan zan behar bada eredugarriena, bere kontakizuna Zolloko euskera herrikoi garbian (gizona Zollokoa genduan) eta oso modu naturalean egiten zeuelako. Irakasle nebilen eta ikasleentzako oso eredu egokia zala begitandu jatan, eta egun batean hareek egoera informaletan halako kontakizun natural eta adierazkorrak egin ahal izango eudezala pentsatzen neuen.

Baina ez zan Benito abrisketa bakarra izan; Getxon eta Uribe Kostan beste izen batzuk bere egingo jakuzan ezagun, Paula Ayo, Frantzizko Kaiero, Carlos Soto, Bizenta eta Esperanza Bidaurrazaga, Manu Ugarte besteak beste. Orduko klaseetan horreek bere izan ziran eredu; izan bere, ezin ginan euskeraren eredu estandarragaz bakarrik konformatu. Harago joan behar genduan, belaunaldietako trasmisinoa ziurtatu behar genduan, urte batzuk atzerago sistema sozio-politikoak armen eta ohituren indarra inposatuta kendu euskuna eta oraindino trabatzen deuskuna.

Herri erdaldunetan ingurura begiratu eta, zer ikusten dogu?. Neska-mutil gazte mordoa hezkuntza sistemak euskaldun egin dituana, poztekoa da!. Horreek eredu estandarra jaso daure eta badira kapaz hainbat gaitako edozein testu irakurtzeko, idazteko... Baina, euskeraz ligatzeko, hasarratzeko, lehengo eguneko pelikula edo aurreko egunean zer egin euden kontatzeko kapaz izango ete dira?. Neuk ezetz pentsatzen dot, ez behintzat Benito Abrisketaren euskera garbi eta naturalean. Eta esan barik doa esparru informalak zelako inportantzia daukan gazteak euskaldun oso egiteko. Euskera estandarra bai, baina (Euskal Herriko irakasle bati behin entzun neutsan legez) ez ete gabiltz etxea teilatutik egiten?. Ez ete dago etxe hori teilatu horren pisuagaz jausteko arriskurik?.

Egoera halakoxea da eta ereduak hortxe doguz. Gure artean eredu horreek zabaltzeko eginahalak egin daureezan hainbat lagun eta talde dogu, euskera irakasleak, ikertzaileak, kazetariak, UK aldizkaria, Algortako bertsolari eskola besteak beste. Jende eta talde horreek guztiak lehenengo harria iminita daukee, eta orain beste guztioi jagoku (irakasleoi eta hezkuntza sistemari batez bere) eredu horreek gazte jendearen artean zabaltzea. Etxe ondoan dogu guztiz erdalduna dan kalearen eta aisialdiaren esparrua, eta hori euskalduntzeko lanak izango dira, bai, baina ia ezinezkoa esango neuke gure aurrekoen eta gure artean trasmisinorik sortzen ez bada.

Aurretik herriko andra-gizon apal asko aitatu doguz, horreetatik asko gure aitite eta amama izan diranak. Ez daitela euren berba galdu gure zabarkeriagaitik, eta batzuok berba eginaz, besteok ikerketak eginaz edo kantuen bidez zabalgu daigun. Benito Abrisketa (baserritar apala) eta beste guzti horreek traba guztien ganetik euskera bizirik mantentzeko kapaz izan ziren, baina geu (hareen ondoan mundu aurreratu honetan “kultur handiko” andra-gizonok) euskera osasunez bizirik mantentzeko kapaz izango ete gara?.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun