Antzerki emanaldiak abenduaren 20an eta 21ean izango dira eskoletako haurrentzat Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan. Ikusle ororentzako, berriz, abenduaren 23an eta 24an izango dira saioak, Getxoko Geroa ikastolan eta Algortako Getxo Antzokian, hurrenez hurren. Ekimen hau "oso aberasgarria" da udal arduradunen hitzetan, hainbat ikaslek parte hartzen dutelako.
Olentzerori eskutitza
Horretaz gain, Olentzerok umeek idatzitako eskutitzak jasoko ditu abenduaren 18tik 23ra bitartean, Algortako Telletxe eta Areetako Xake plazetan. Ordutegia: 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era. Hain zuzen ere, neska-mutilei horiek idazten laguntzeko, material berezia prestatu du aurten ere Euskara Zerbitzuak. Baita Errege Magoei gutuna bidaltzeko ere. Gabonetako pertsonaien irudiak dituzten eskutitzak kaleratu dituzte eta horietan liburuak irakurtzera animatzen dituzte haurrak. Jolasak dituen liburuxka ere banatuko dute.
Imanol Landa Presidentzia arloko zinegotziak adierazitakoaren arabera, baten batzuek Olentzerori eskutitza bidali diote dagoeneko. Gutun horietako bat aukeratuko da aipaturiko antzerki emanaldien amaieran irakurtzeko.
Eskutitza eskuratu
Egitaraua
Algortan abenduaren 23an arratsaldean hasiko dira ekitaldiak. Getxo Antzokian pailazoak egongo dira eta Telletxe kalean umeentzako jolasak. Tartean, bertsolariak, abesbatzak, talo, sagardoa eta Olentzarori eskutitza bidaltzeko postontzia ere bai.
Abenduaren 24an, 11:00etan puzgarriak eta haurrentzako jolasak egongo dira Telletxen eta kalejira Antzerki Eskolaren eskutik. Eguerdiko hamabietan, berriz, "Olentzero nik nahi nuke..." antzerki lana egongo da ikusgai Getxo Antzokian. Arratsaldean, Benantziotik abiatuko da kalejira 17:00etan; ordubete beranduago gozokiak banatuko ditu Villamonten Olentzerok, bertsolari eta dantzarien laguntzaz. Azkenik, 20:00etan ekitaldi ezberdinak egingo dira San Nikolas enparantzan: ipuin bat irakurri eta ostean Olentzero erreko dute.
Areetan ekitaldiak hilaren 24an izango dira Eskoletako enparantzan. Eguerdiko hamabietan Olentzerori buruzko erakusketak, txikientzako pintura tailerra, txistulariak eta ipuin kontalariak izango dira; 13:30ean bertsolariak eta ordubete geroago otzara baten zozketa. Arratsaldean, berriz, haurrentzako jolasak egongo dira 16:30ean eta dantzak 18:00etan. Ordu erdi beranduago kalejira egin eta 19:30ean erre egingo dute Olentzero.
Itzubaltzeta / Erromon arratsaldeko ordu bietan herri bazkaria egingo dute trikitilariek eta albokariek girotuta; 18:45ean kalejira eta ondoren, jaiari amaiera emateko, txokolatada antolatu dute 19:45ean.
Getxon abenduaren 23an "Olentzero nik nahi nuke..." antzeztuko dute 18:00etan Geroa Ikastolan. 19:30ean jaia ospatuko dute Malakaten txistorra jana eta musikarekin. Hurrengo egunean, 17:00etan abiatuko da kalejira Andra Mari kiroldegitik, 19:15ak aldera, dantzekin eta txokolatada batekin ospakizunari amaiera emateko.