Badajozeko kontuak - Unai Brea / kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 16a, 21:33

Beharbada zuen posta elektronikan ikusi duzue. Izan ere, denok daukagu besteen posta elektroniko helbideetara gauza bitxiak bidaltzen dituen lagunen bat edo beste. Baina tira, hori ez da gaur hona nakarren gaia. Kontua da nik neuk, neure posta elektronikoan, Badajozeko epaitegi batek emandako benetako agiri bat ikusi dudala, eta Extremadurako juztizia-administrazioaren gorabeherek gehienetan loa galerazten ez badidate ere, honek merezi du iruzkina.

Agiria, hain zuzen, Badajozeko Sozial Arloko 2. epaitegitik dator, eta Bartzelonako Sozial Arloko 23. epaitegiari zuzenduta dago, eta laburbilduz, katalanez bidalitako idazkiren bat gaztelaniaz bidaltzeko eskatzen du Kataluniako epaitegiari. Baina nola eskatu! Alfonso Ussíak segurantzean txalotu egingo lukeen estiloan, Don Fernando Barrantes Fernández Badajozeko epaitegiko idazkariak zera dio, besteak beste (ondokoa itzulpena da, zer esanik ez; halamoduzko itzulpena, gaineratu beharko):

“…idazki bi ageri dira, `Direcció General de Relacions amb l´Administració de Justicia´ eta `Minuta d´Honararis´ izenburupean, zeintzuk oso hizkuntza arraro eta bitxian idatzita baitauden”.

“…totalmente ajena a estos pagos patrios…”. Zati hau gaztelania jatorrean uztea nahiago izan dut, ez dago-eta espainiartasun kiratsa darion esaldi horren arima adierazteko gai den euskararik. Abertzaleak besteok baino ez omen gara!

“…zuzen eta ortografia akatsik gabe gure Nazioaren hizkuntza komunean idatz dezan, hau da, ESPAINIERAZ –letra larria (eta azpimarratua aipatu idazkian) eurena da, ez nirea-, zeinean Literatura Unibertsaleko lanik onenak idatzi baitiren, zeinarekin mundu erdia zibilizatu baitzen eta zeina ia mundu osoan hitz egiten baiten…”

Espainolak, nahi dutenean, garbi ageri dira. Eskertzekoa da halako zintzotasuna. Hori bai, fundamentalistak besteok gara.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun