Gaur hasi dira botatzen Leioako ospitalea izan behar zuena

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 20a, 23:07

Leioako ospitalea izan behar zuena botatzeko lanak gaur hasi dira eta bost hilabetez luzatuko dira. Orain 30 urte hasi ziren eraikitzen Saltuenan (EHUko campusetik hurbil), baina sekula ez zen bukatu kanpoaldeko egitura egin zutenerako dirua agorturik zegoelako. Hortaz, ez da inoiz martxan egon. Bere lekuan, bulegoak eta kutsatzen ez duten enpresetarako pabiloiak hartuko dituen enpresa-parkea jartzeko asmoa dute. Baita aipatu azpiegiturara zuzendutako sukaldaritza eta merkataritza gunea ere. Baliteke hotela eraikitzea edota geriatriko pribatua.

Karmelo Saiz de la Maza Leioako alkateak azaldu duenez, hasieran eztanda bidez botatzea pentsatu zuten, baina ospitalea izan behar zenaren bi eraikinen fatxada beira geruzaz, hormigoiz eta burdinez osatuta dago eta horrek atzera eginarazi zien. Gauzak horrela, goiko solairuetan hasiko dira lanean eta behera iristean garabiekin amaituko dute eraistea. Guztira, 30.000 metro kubo osatzen dute "ospitale mamua": eraikinetako bat 12 solairukoa eta bestea 6koa.

Enpresa-parkea

Sainz de la Mazak adierazitakoaren arabera, baztertuta egon den gune hori enplegua sortzeko leku bihurtuko da. Izan ere, enpresa-parkea eraikiko dute ondoren.

Eusko Jaurlaritzak 822.209 mila euroko mailegua emango du lanak egiteko. Sabin Intxaurraga sailburuak esan duenez, Lurralde Antolaketa eta Ingurumen Sailak gune hondatuak berreskuratzeko dituen planen baitan egingo da eraispena.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun