Bertan behera gelditu da Arkaitz Goikoetxearen aurkako epaiketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 20a, 23:38
Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi du, momentuz, Portugaleten 2001ean gertatu zen Ertzaintzaren kontrako erasoarengatik auzipetu dituzten Arkaitz Goikoetxea algortarraren eta beste sei gazte bizkaitarren aurkako epaiketa. Auzipetuen defentsak hainbat froga eskatuta zituen, hain zuzen ere, gazteen aurka poliziak aurkeztu zituen ADN frogen egiazkotasuna ziurtatuko behar zutenak. Baina epaitegira ez direla iritsi ikusitakoan, ahozko judizio-ikustaldia ez hastea erabaki du Auzitegiak. Froga horiek iritsi arte ez dute zehaztuko epaiketarako data berririk. (Argazkian, Bizkaiko Auzitegi Probintzialaren parean goizean izandako elkarretaratzea / Gaztesarea)
Fiskaltzaren arabera, auzipetuek molotov koktelak jaurti zituzten Ertzaintzaren auto baten kontra. Lehergailu batzuk auto barrura sartu omen ziren, eta ondorioz, bi ertzain zauritu. Hori dela eta, fiskalak 31 urteko espetxe-zigorra eskatzen du zazpi auzipetuentzat. Auzitegitik emandako datuen arabera, agenteetako batek bigarren eta hirugarren mailako erredurak izan zituen gorputzeko %30ean eta besteak %10ean.

Gainera, espetxe-zigorraz gain, ertzainentzat kalte-ordainak ere eskatuko ditu fiskalak. Erredura larrienak jasan zituen agentearentzat, 60.000 euro gehi 60 euro zauriak sendatzeko behar izan zituen 584 egun bakoitzeko eta bestearentzat, berriz, 30.000 euro gehi 60 euro zauriak sendatzeko behar izan zituen 496 egun bakoitzeko.

"Montaje hutsak dira"

Goizean epaiketa atzeratu bada ere epaituei elkartasuna adierazteko mobilizazioak hasi dira. Eguerdiko hamabi eta erdietan Bizkaiko Auzitegi Probintzialaren aurrean dozenaka lagun batu da zazpi gazteei babesa azaltzeko eta "montaje berri hau" salatzeko.

Jesus Gonzalezek hitz egin du Gurasoak taldearen izenean eta lehenbizi epaiketa salatu nahi dutela esan du. "Inongo garantiarik gabekoa" dela epaiketa esan du Gonzalezek gaztesareak jasotako adierazpenen arabera.

Atxiloketak izan ziren modua ere salatu dute, "basatiak izan ziren". Bere garaian Torturaren Aurkako Taldeak kaleratutako salaketa ekarri du gogora Gurasoak taldeko kideak. Gainera, epaiketa Auzitegi Nazionalean izan da bertako epaileek "kasu hauetan duten partzialtasuna" salatu dute.

"Eskubideen bermatzea hainbeste aldarrikatzen duten politikariak" ere gogoan izandituzte eta euren jarrera salatu dute, "euren esku baitago egoera gainditzea; baina, ez dira horretarako proposamen politikoak ikusten".

Epaiketak "montaje hutsa" direla salatu dute eta euren semeen eskubideak ez dituztela bermatu salatu dute: "Desagertu behar da torturatzaileen inpunitatea eta epaile partzialak eta epaitegi bereziak, eta baita, hori posible egiten duen sasi-legedia ere".


Gaiaren inguruko berriak:

Torturak berretsi dituzte Arkaitz Goikoetxearekin batera atxilotuak izan zirenek (2004 Abe 20)

Astelehenean hasiko da Arkaitz Goikoetxearen aurkako epaiketa (2004 Abe 17)

Arkaitz Goikoetxeari 31 urteko espetxe zigorra jarri nahi diote (2004 Abe 09)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun