Aipatu berrikuntzetarako 2.623.000 euro inbertitu ditu Getxoko Udalak. Izan ere, estalkia bera jartzeko lanak (700.000 euro) ez ezik; igerilekuan bertan, inguruetan eta makineria eraikinean egindako obra zibila (1.499.000 euro); indar eta argiztapen instalazioa, filtroen garbiketa eta aire-egokitzea (424.000 euro) ere hartu ditu egitasmoak.
Bazkideentzat bakarrik
Instalakuntza berria funtzionamenduan hasten denean, barneko igerilekuan egingo dituzte ikastaroak, entrenamenduak, igeriketa eta water-polo txapelketak. Kanpokoa, berriz, bazkideek soilik erabili ahal izango dute. Guzmán Aranaga Kirol zinegotziak azaldutakoaren arabera, etorkizunean igeri egiteko gune luzeetan banatuko da igerilekua, 50 eta 25 metroko kaleekin. Beste bi gune ere egongo dira: bata aisialdirako eta bestea haurrentzako. Azken hauen sakontasuna txikiagoa izango da.
Urtarrilaren bukaeran lanak eginda egotea espero dute udal agintariek, eta funtzionamenduaren nondik norakoak ezagutzeko frogak egin ondoren, erabiltzeko moduan egon daiteke 2005eko udaberrian, Gobela kiroldegia zabaltzen denean gutxi gorabehera. Data hori baino lehen, ateak zabalduko dituzte egin diren lan guztiak erabiltzaileei erakusteko.