Lanek bi tarte izango dituzte: Benantzioko gurutzebidetik Urkiola kaleraino eta Urkiolatik Osasun Zentroraino. Arrapala mekanikoak %8ko malda izango du eta bertatik gurpildun aulkiak ibili ahal izango dira. Espaloiaren zabalera ez da murriztuko, errepidearena baizik. Hori dela eta, aparkatzeko toki batzuk kendu behar izango dira.
Lehenengo zatia 50 metroko luzera izango du eta hiru arrapalaz osatuta egongo da, 592.000 euroko aurrekontuarekin. Bigarrena nola egingo duten, berriz, ez dago zehaztuta oraindik, baina antzeko ezaugarriak izango ditu segur aski.
Erabiliko diren materialak estetika zainduko dute eta errepiderainoko itxiera marmol beltzekoa izango da. Arrapala mekanikoak orduko 9.000 pertsona hartzeko ahalmena izango dute, eta eskuak jartzeko tokian argiztapena ere jarri ahal izango da. Alboko guneetan berdeguneak jarriko dituzte eta inguruko argiztapena ere aldatu egingo da.
Villamontetik Telletxeraino
Villamonte auzotik Telletxe plazarainoko igoera ere aztertzen ari dira. Gobernu Batzordeak dagoeneko diseinu bat dauka eta bertan bi tarte aurreikusten dira: bata eskailerekin (aldapa oso handia delako) Villamontetik komertzio guneraino, eta beste bat arrapala batekin, komertzio gunetik ibilgailuen aparkalekuraino. Eskailera mekanikoak duten arazoa hauxe da: gurpildun aulkiak ezin direla igo. Hori dela eta, igogailua ipintzea posiblea den ala ez aztertzen ari dira, Iñaki Zarraoa alkateak aipatu duenez.
Ekimen hauei beste batzuk jarraituko diote, Malakatetako Etorbidetik edo Ollarretxetik Villamonte enparantzaraino doana, arrapala mekanikoen bitartez. Beste bat Txakursolo kaletik Aiboa geltokiraino, eta puntu horretatik Jesusen Bihotza Udal Egoitza edo udaletxeraino, ematen diren baldintzak aztertu ondoren.