Hizkuntza prozesuak euren bakartasunaren mugetan, jopuntu eta gertaera soziopolitikoetatik kanpo, xuri eta bortxagabea aztertzea proposatzen digutenek, tranpa egiten digute. Hizkuntza zapalduen aldeko ekinak sistema zapaltzailearen aurka borrokatzeko berez duen indarra ostendu egin nahi digute. Horrexegatik gehienetan, boterean daudenek, edo boterearekiko eroso daudenek ditugu hizkuntza prozesuak holan aztertzearen aldekoak. Aitu ondo Euskal Herrian nontzuk euskara despolitizatu egin behar dela dioten. Salbuespenak salbu, jauntxoek eta euren handikeria onartzen dutenek.
Argentinako Rosario hirian galiziarrak, katalanak, gutxiak, aimarak, kitxuak, mokobiak, guaraniak, maputxeak, tobak, langabetuak, enpresa okupatzaileen koordinadora, artista konprometituen taldeak, ezkerreko hizkuntzalariak, eta azken batez, borrokan gauden herri eta gizarte sail batzuetakoak bildu ginen, gure hizkuntzak minorizazio egoerara eraman duen hizkuntza zapaltzaile eta imperialista berbera izan dugularik: gaztelania. Ikaragarri aberats eta jentetsu bilakatu ziren han egindako tailer, eztabaida eta mobilizazioak. Eta marko horretan, errez atera genituen ondorioak, mantendu izan ditugun hizkuntzak herri edo nazio baten alde proiektu politikoak izan dituzten hizkuntzekin egin ditugula. Besteak, identitatea mantentzeko ahalegina egin ez dutenak galdu egin dira. Genozidioaren bortitzak eguzkiren kaparen azpitik desagertarazi dituenik ere badira.
Lau egunez batera pentsatzen, hausnartzen eta mobilizatzen, zapaltzen gaituzten hizkuntza eta erregeen aurka. Eta gure hizkuntza eta herrien alde. Ikasiz vascuence-pueblovasco-america inposatutakoak baztertuz euskara-Euskal herria-Abya Yala Pacha Mapu direla jatorrikoak, ketxueraz amari amachi, eta ilargiari khilla esaten diotela guztiz harrituz. Eta azken batez konbentzimendu gotor bat ekarriz, etsaiak berberak direnean herriek badutela batera ekiterik.
Inork ez zuen han hizkuntza despolitizatzeaz hitz egin. Emakume aimara batek esan moduan: guretzako ezinezkoa da gauza batzuk besteetatik banatzea, pertsonak eta landareak, lurra eta ura, lurraldea eta hizkuntza, dena da bat. Hemen berriz, boteretik naturaren aldeko borroka,hizkuntzaren aldeko eta lurraldearen aldekoa, bakoitza bere bidetik ikusi nahi dutela argi dago. Baturik indarra dakartelako.
Honela amaitzen zen denen artean bi egunetako eztabaiden ostean argitaratu genuen hizkuntza autodeterminazioaren aldeko agiriak: Herri bat jazarri ezkero, denak jazarpean. Hizkuntza bat zapaldu ezkero, denak zapalduta.