Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Itzubaltzetako gazteen defentsa baikor agertu da gaztetxearen auziarekin

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 24a, 10:38

Abenduaren 21ean, asteartea, Itzubaltzetako bost gaztek Getxoko epaitegiaren 6. aretoan deklaratu zuten aurtengo irailaren 27an Itzubaltzeta gaztetxearen desalojoan izandako istiluen harira. Ertzaintzaren atestatuetan jasotako oharrak eta epailearen aurrean egindako aitorpenak kontuan hartuta Andoni Hernandez Murga defentsako abokatua baikor azaldu da.

Letratuak UKBERRIri azaldutakoaren arabera, ertzainen lekukotasuna lagungarria izango da gaztetxe barruan zeuden hiru kideentzat. Hain zuzen ere, atestatuan gazteek "zuzen jokatu" eta "arazorik ez" zutela sortu azpimarratu dute poliziek.

Aldiz, ertzainen txostena "gogorra" da kalean gaztetxearen alde azaldu ziren gazte eta auzokideekin. Hernandez Murgak ironiaz esandakoaren arabera, antza poliziek baino ez zuten entzun atestatuan jasotako "zipaioak hiltzaileak" eta "gora ETA" bezalako oihuak. Era berean, errepide erdian zaramontzi bat gurutzatu zela eta inguruetan kalteak izan zirela idatzi dute Ertzaintzako kideek.

"Dena normala"

Gazteen deklarazioetan jasotzen denez, "beltzak" (brigada higikorrakoak) gaztetxean sartzean "dena normala" izan zen. Jendearen babesa eskuratzeko balkoira atera izana onartu dute hiru gaztek, baita ondoren "koltxoi baten azpian" sartu izana. Gazteen arabera, irain artean desalojatu zituzten ertzainek. Hots, haien ustetan "dena normala" izan zen, epailearen harridurarako.

Gaztetxearen kanpoan izandako beste auziperatu bik desalojoaren kontrako protestaldian parte hartu izana onartu zuten. Hondeamakina eraikinera hurbildu zenean eserialdian ere izan ziren akusatuak, baina nabarmendu zuten "ekintza baketsua" izan zela eta indarra erabili zuen bakarra Ertzaintza izan zela karga egitean. Bestalde, zaramontziaren kontua ikusi egin zutela baina beraiek ez zutela horretan parte hartu esan zuten gazteek.

Bi kide falta omen dira deklaratzeko

Defentsa abokatuaren arabera, beste bi kide deklaratu behar dute oraindik (Gaztesarearen arabera jadanik auzitegira hurbildu omen dira). Itzubaltzeta gaztetxeko kide baten arabera, bi kide horietako bat gaztetxearen ondoan bizi den eta ertzainek bere etxera sartzen utzi ez zuten auzokide bat da. Bestea, lan istripu bat dela-eta ordu horietan errehabilitazioan zegoen bilbotar bat.

Hernandez Murga epaile eta fiskalaren jokaeren zain dago baina ez du uste "falta epaiketa" baino gehiagorik egon daitekeenik. Gainera, ertzainek salatutako kalteei buruz argi utzi du "auzokide baten kotxeak" jaso zituela, polizien kargak eraginda. Era berean, eta nahiz eta gazteek ez sortu, gaztetxeko batzarrak kalteez arduratzeko konpromezua hartu zuen auzokidea kaltetua ez suertatzeko.

Auzi aipagarriak 6. aretoan

Getxoko epaitegiko iturrien arabera, 6. aretoko magistratuak bi auzi aipagarriak eraman ditu azken bolada honetan. Lehenengoan, Unibertsitate Lege Organikoaren kontrako itxialdi batean parte hartzeagatik 103 ikasleei terrorismoaren apologia leporatuta haien auzia Espainiako Entzutegi Nazionalera bideratu zuen. Bigarrenean, auzokideei mobbing-a egiten ziela argudiatuta Neguriko Tangora etxea ijito familia bati euro baten truke alokatu zuen gizonezkoari alokairu berezi honi amaiera ematea agindu zion. Iturri berberen arabera, 6. aretoko autoak "oso landuak" izaten dira.


Gaiaren inguruko berriak:

Babes zabala jaso dute Itzubaltzeta gaztetxearen desalojoaren ondorioz deklaratzera joan direnek (2004 Abe 23)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun