Euskal Herriko umeek ikazkin ezagunaren berri badute ere, gutxi batzuk dira pertsonaia honen jatorria ezagutzen dutenak. Kondairak dira horren nondik norakoak hobekien azaltzen dituztenak.
Hala, Lope de Isasik XVI. mendearen hastapenetan idatzitakoa har daiteke lehen erreferentziatzat. "Onentzaro" hitza erabiltzen zuen Isasik, gabon aroa, bere hitzetan, "bihotz onekoen garaia", definitzeko. Neguko solstizioaren harira egindako errito paganoei dagokie terminoa, ziurrena.
Beste hipotesi baten arabera, askaritxoa egin asmoz herriko gazteak eskean ibiltzen zirela adierazteko hitza da. Aterik ate kantuan ibiltzen ei ziren gazteok, horietako bat ikazkin tripaundi jantzita joaten omen zen. Ikazkina gero eta lodiagoa, are eta dohaintza handiagoak, nonbait.
Nolanahi ere, Olentzeroren pertsonaiak ez du beti esanahi bera izan. Askorentzat ume gaiztoei lepoa bihurritzen zien gizona zen. Zorionez, egun Olentzero gizon xalotzat dugu, Larraunen (Nafarroa) jaioetako, antza. Hori horrela, ikazkina zakua bete opari helduko da euskal etxeetara.
Hamabi hilabete luze itxaroten egon ostean, gau berezia da gaurkoa Euskal Herriko neska-mutil guztientzat. Bapo afaldu eta gero, lozorroan sartu eta, eguna argitzean, orduan hasiko dira arineketak eta komeriak. Hala ere, afaldu aurretik, abestu eta jolasteko aukerarik ez zaie faltako txikienei. Izan ere, bazter guztiak irribarrez eta algaraz gainezka izango dira Olentzeroren bisitarekin. Uribe Kosta osoan ere ekitaldi ugari antolatu dituzte udalek eta elkarteek.