Ez al da garaia, apurka-apurka gure historiarekin egiten ari garen bezala, gure ohiturak ezagutu eta berreskuratzekoa? Ala globalizazioak dakarren kultura bakarraren aurrean amore eman behar aldugu?
Sustraietatik elikatzen dira zuhaitzak, eta ondo erroturik ez dagoen arbolak nekez iraungo du bizirik.
Ez diot lan erraza denik, baina jakin dezagun nondik gatozen, zer garen eta nora heldu nahi dugun jakiteko. Izan ere, nahikoa al dugu Jingle Bells euskaraz kantatzearekin euskaldun izateko? Nahikoa al da Hiru erregeen edo Noelen ordez opariak Olentzerok ekartzea?
Satrustegik eta Barandiaranek jasotako elezaharretan agertzen denez azken jentila litzateke gure Olentzero. Beharbada hemendik mende batzuetara, beste planetaren bateko izakiek kontatuko dute nola heldu zen Lurra izeneko planetatik hommo sapiens espezieko azkena gizakien galeraren berri emanez, eta berari kantatuko diote, guk egun egiten dugun bezala. Horra, horra, gure Olentzero.
UK aldizkariko 73. zenbakian (2004 Abe 20) argitaratutako artikulua