Bilboko auzorik jendetsuena da Santutxu dentsitatea aintzat hartuta. Garai batean Bilboren inguruan kokatutako mendixka bat baino ez zena, bizi handiko ingurunea bilakatu da azken hamarkadetan. Euskarak badu leku berezia Santutxuko kaleetan, eta gazteria gogotsua da, kementsua. Horregatik abiatu zuten Sorgintxulo gaztetxea eta urte luzeetan zehar mantendu ere. Auzoko ehunaka gaztek hartu dute parte gaztetxean egin izan diren ekitaldi eta jarduera ugarietan, baina duela gutxi, amets horrek bukatutzat eman du Bilboko Udalak.
Oso aitzakia ona baliatu du gainera Azkuna jaunaren gobernu taldeak, zaharrentzako eguneko zentroa eraiki behar duela bertan hain zuzen ere. Zenbakietan erreparatuz, ordea, ez dirudi oso plan bikaina 24 agureentzako lokala irekitzea dozenaka gazteek egunero burutzen zituzten lekua deuseztatuz. Argi dago benetako arrazoia, beti bezala, gazteen autogestioa eta antolaketa zapuztea dela. Tamalez, Sorgintxulokoa ez da izan azken hileotan eman den desalojo bakarra, asko izan baitira aurten eman diren erasoak Euskal Herriko gaztetxeen kontra: Getxo, Iruñea, Bilboko Alde Zaharra, Larrabetzu eta abar luze bat aipatu daiteke.
Santutxuko merkatariek ez dute akordiorik lortu Udalarekin gabonetako argiak auzoan jartzeko. Hauekin ez ezik, ertzain eta udaltzain beltzez ilundu dira Santutxuko kaleak eta gazteen oihuek hartu dute Olentzaroaren kantak hartu beharreko doinua. Zorionik ez aurtengoan, goibeltasuna da nagusi Mahatserriko gazteen artean gabonetan.