Lau pertsona hil dira istripuz Uribe Kostan azken lau egunetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 28a, 12:37

Lau pertsona hil dira Uribe Kostan azken egunotan, guztiak istripuz hilda ere. Azkena, Getxon zendu zen atzo eguerdian, BI-637 errepidean gertatutako hiru kotxeen arteko istripuan, tartean Ertzaintzako kotxe bat. Bestalde, Areetako kaian gizon baten gorpua aurkitu zuten gabon egunean. Antza, bertara erorita hil zen. Azkenik, gabon gauean, bi pertsona hil ziren Gorlizen, kotxe istripuz. Lau hildakoetako bat bera ere ez omen zen Uribe Kostako biztanlea.

Getxoko istripuan, Juan Francisco R.P., 36 urtetako santurtziarra, hil zen eta beste hiru pertsona zauriturik gelditu ziren, Juan Francisco harrapatu zuen gizona larriki eta inguruetan zeuden ertzaintzako bi polizia era arinean.

Ertzaintzak emandako datuen arabera, litekeena da Santurtziko gidaria Berangorantza zihoala inguruan zegoen istripu baten berri eman nahi izan eta furgoneta gelditu izana bere kotxe barruan zeuden ertzaineei xehetasunak adierazteko. Poliziengana ibiliz hurbiltzen zela, aurreko bihurgunean kontrolpetik ateratako Seat Leon kotxe hori batek harrapatu zuen. Kolpearen ondorioz, J.F.R.P. hil zen eta Seat Leon gidatzen zuen J.C.S.P. –Santurtzikoa bera ere– larri zauritu zen. Ertzaintzako kotxearen blindajeak ertzainak babestu zituen eta era arinean atera ziren zaurituta. Zauritu guztiak Gurutzetako ospitalera eraman zituzten Artatzako suhiltzaileek Seat Leongo burdinetatik gidaria askatu ondoren.

Bestalde, Getxoko guardiako epaileak gorpuaren autopsia agindu zuen, Bilboko Auzitegiko Medikuntza Institutuan egingo dena. Ertzaintzak ere JCSPri buruzko ikerketak abian jarri ditu, alkohola edota beste sustantzien pean jardun zuenetz jakiteko.

Areetan hildakoa

Gabon eguneko goizeko 10ak inguru topatu zuten Abrako Itsas Klubaren ondoko harkaitzen artean Bilboko gizon bat. M.F.C. 60 urte zituen eta lehenengo ikerketen arabera, litekeena da laban egin eta erori izana, heriotza sortu zion kolpe bat buruan jasoz. Hori konfirmatzeko, autopsia agindu zuen Getxoko guardia epaileak.

Gorlizeko istripua

Gabon gaueko 10ak inguru, J.A.L.A., 53 urtetako gatikarra, hil zen kotxe istripuan, Mercedes Benz furgoneta bat, Audi A4 bat eta Citroen Xantia batek talka egin zutenean, oraindik zehazteke dauden arrazoiengatik. J.A.L.A. berehala hil zen bere furgoneta gidatzen zuela. Aldiz, J.M.M.M. bere emaztea eta M.A.O.Z. 13 urtetako semea harrapatuta gelditu ziren Mercedesean. Burdinetatik askatuta, biak eraman zituzten Gurutzetako ospitalera non semea ere hil zen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun