Gabonetako oporretan aspertzeko denborarik ez dute izango Erandioko umeek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 28a, 12:58

Altzaga auzoan, umeentzako jolasgarri diren barrakak egongo dira aurten ere Gabon garai hauetan. Horrela, bost atrakzio jarri dituzte Bereterretxe kalean, indarrean dauden lege-arauetan agindutakoari jarraituz. Abenduaren 21ean jarri ziren eta urtarrilaren 9an kenduko dituzte. Gaueko hamarrak arte egongo dira zabalik egunero. Barraketan ibili nahi dutenek euro bat ordaindu beharko dute saio bakoitzeko.

Urtarrilaren 5ean 50 zentimo baino ez da ordaindu beharko saio bakoitzeko. Honakoak dira aurten Erandion aurkituko dituzuen barrakak: Baby cadenas, lapikoa, ohe elastikoak, dragoia eta tiroa.

Jolasak eta ekitaldiak

Beste alde batetik, abenduaren 30era bitartean, tailerrak, puzgarriak, ludoteka, jolas kooperatiboak, eskalada-murrua, arraun ergometroa, liburutegia, arku-tiroa eta tren turistikoa egongo dira neska-mutikoen gozamenerako, Altzaga kiroldegia n. Ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara izango da.

Horretaz gain, gaur pailaso ikuskizuna egongo da 18:00etan Pirritx eta Porrotxen eskutik. Bihar, berriz, Bihar taldearen “Burdinaren Lamia” txotxongilo ikuskizuna, ordu berean. Eta azken egunean, “Giriguay" antzerki lana eskainiko du Zirko Ttipia taldeak.

Gabonetako postalen erakusketa

Erandioko udal liburutegiek antolatutako lehiaketan parte hartu duten herriko neska-mutilen postalak ikusgai daude egunotan Altzagako Udal Merkatuaren eraikinean. Guztira 294 postal dira, hamabi urte arteko neska-mutilek egindakoak eta abenduaren 31ra arte ikusi ahal izango dira.

Hauexek izan dira aurtengo lehiaketako irabazleak:

1- Izaro Zarraga. 4. maila. Goikolanda ikastetxea
2- Alain Fernandez. 2. maila. Goikolanda ikastetxea
3- Yina Tatiana Gonzalez. 3. maila. Ignacio Aldekoa
4- Cristina Barcenilla. 5 urte, Astrabuduakoa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun