Argitaratu berri den liburua Maite Palizak udalerriaren arkitekturaren gainean egin duen laugarren monografía da. Izan ere, bere ikerketa gehienak XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako getxoztar arkitekturari buruzkoak dira, hala nola, Manuel Mª de Smith edo Rafael de Garamendi arkitektoen lanen ingurukoak. Oraingo honetan, Severino de Achucarrok proiektatutako Areetako Mesedeetako Amaren eleizan jarri du arreta, hau baita, bere ustez, 1940 eta 1980 bitartean Getxon bizi zen "eraikuntzaren gailurra".
Areetako Mesedeetako Amaren eleiza
Areetako Mesedeetako Amaren eleizak hainbat gorabehera bizi izan ditu 1885ean lehenengo aldiz eraiki zenetik.
1937an, Gerra Zibilean, sute batek eleiza suntsitu zuen eta, berehala, eleiza berri baten ekimena jarri zen martxan. Lehenengo proiektuaren enkargua Rafael de Garamendi eta Manuel Galíndez arkitektoei egin zitzaien, Getxoko udalerriarekin zuten harreman estua zela eta. Hauek, 1938n, "historizista" estiloko eleiza txiki bat proposatu zuten, orduan Areetan zeuden eraikin gehienen bolumenak eta ezaugarriak kontuan hartuta. Hala ere, herritarrek ideia horren kontra azaldu ziren eta eleiza handiago bat eskatu zuten.
40ko hamarkadan eleizaren zati handiena eraiki zen eta hortarako Getxoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, eta hainbat banketxe eta partikularrek eman zuten dirua.
Eleiza ia eraikita zegoenean, Getxorekin lotura zuten beste bi arkitekto gehitu ziren proiektura, 1950an, Jose Mª Chapa eta Angel Gortázar alegia. Hauek momentu hartako joerak sartu zuten eleizako diseinuan; honen ezaugarri dorrea, eraikinaren aurrealdeak eta eleizaren barruko margoak dira, ordura artekoak baino modernagoak zirelarik.