Egizuk aurrera eramaten dituen ekimenak euskara ikasten ari diren pertsonei zuzenduta daude, baita bere garaian ikasi baina azkeneko urtetan gutxi erabili dutenei ere. Euskaldunek ere parte hartu dezakete.
2004 / 2005 ikasturtera begira, Getxo udalerrian euskara erabiltzen duten elkarte ezberdinen arteko harremanak sendotu nahi ditu Egizuk. Horretarako hurrengo hilabetetan hainbat ekitaldi egingo dituzte, hala nola, Euskal Herriko historiari buruzko tailerrak, literatura, sukaldaritza, eta momentu honetan egiten ari diren yoga ikastaroak. Gainera, aurten lehiaketa ezberdinak egingo dira, esaterako, euskaltegietan egingo den fotonobelena. Beste ekimen batzuk ere sustatu edo bultzatu nahi dira, hain ezagun ditugun ipuin-kontairak, hitzaldiak, bidaien istorioak, eta "Berbalaguna" ekimena, euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak harremanetan jartzen dituena.
Gero eta jende gehiagok parte hartzen du Egizun
2003-2004 ikasturteko balorazioa egiterakoan, Egizuko arduradunek oso positiboa dela aipatzen dute. Izan ere, gero eta pertsona gehiagok parte hartzen dute ekimenean. 2002-2003 ikasturtean 500 pertsona parte hartu zuten, eta pasadan kurtsoan 700, beraz kopuruak gora egin du nabarmen.
Harremanetan jartzeko telefono zenbaki hauetara deitu daitezke: 94 491 43 57 edo 605 73 99 16. Helbide elektronikoa: egizu@euskalerria.org
Euskaltegiei diru-laguntzak
Beste alde batetik, udalerriko euskaltegiei eman beharreko diru-laguntzen zenbatekoa erabaki zuen, joan den asteartean, Getxoko Gobernu Batzarrak. Hamasei urtetik gorakoen euskalduntzeari dagokionez, 6.293,25 eta 5.701,8 euro jasoko dituzte Jose Antonio Agirre eta Lauaxeta AEK euskaltegiek, hurrenez hurren. Hamasei urtetik beherakoen euskalduntzeari dagokionez, 1.867,14, 1.529,55 eta 554,4 euroko diru-laguntzak jasoko dituzte Areeta, Algorta eta Getxoko Uztarri euskaltegiek.