Iñaki Sanchez urrian zehar Mansillako (Leon) kartzelatik atera behar bazen ere, Espainiako Espetxe Zaintzarako Epaitegi Zentralak ez zituen onartu kartzelan egindako lanengatik zegozkion murrizketak espetxealdian. Beranduago, urtarrilaren 1ean jarri zioten ateratzeko data eta herrian dagoeneko autobusa zegoen antolatuta bera egun berrian jaso eta Itzubaltzetara ekartzeko. Atzo asteartean, arratsaldeko 4etan komunikatu zioten Sanchezi espetxetik kanporatzeko agindua, abenduaren 23an sinatuta. Ordu bat terdi beranduago kalean zen Peke, preso sozial eta politikoen artean bere gauza pertsonalak banatuta, eta oparitutako itsasontzi baten maketa eskuan zuela. Bertako taxista batekin bideraezinak izan ziren negoziazioetan saiatu bazen ere, azkenean Itzubaltzetatik abiatu ziren bere bila, gaueko 10etan jaso zutela. Ordu horiek kartzelako kanpoaldean, elur artean, eman zituen Sanchezek, hain ezagun zituen hormen ondoan.
Euskal Herrirako bidean
Lagunekin besarkadak trukatu ostean txanpan botila ireki zuten Mansillan, kaleraketa ospatu asmoz. Atoan, bueltako bideari ekin zioten, Euskal Herrira ahalik eta lasterren ailegatzeko, tartean izotzak eta elurrak abiadura moteltzea eragin zutela.
Pekek harridura azaldu die ingurukoei bapatean antolatutako ongi etorria dela eta, zer edo zer xumea eta lasaia nahi zuela aurretik esanda baitzuen. Era berean, jendaurrean esandako hitz gutxietan atzean utzitakoak gogoratu ditu, eta bereziki euskal preso politikoak.
Balorazio politikoak
Bestalde, Erromoko Askatasunak egin duen lehen balorazioaren arabera, oso pozik gaude, azkenean Peke ekarri dugulako, baina askoz lehenago egon behar zen gure artean eta oraindik 709 preso ditugu Espainian eta Frantzian zehar, dispertsatuta. Era berean, Askatasunak dispertsioak sortzen dituen kotxe istripuekin bukatu behar dela gogoratu du: aski da, etxean behar ditugu ni hurrengoa izan naiteke bezalako leloekin bukatzeko zein prozesu politikoan presoek parte har dezaten.
Zentzu horretan, Erromo eta Areetako Batasunak ere bere poztasuna agertu du Sanchezen askatasuna dela eta, baina gogoratu du herrian beste bi preso daudela oraindik: Martin Etxegarai eta Iñaki Gonzalo Kitxu, eta beraiek Euskal Herrira ekartzeko exijitu dio PSOEko Gobernuari Euskal Herriko preso, errefuxiatu, deportatu eta errepresaliatu guztiak Euskal Herrian egon behar dira, une honetan indar politiko eta sozial guztiekin bideratu daitekeen prozesu politikoan eragile ezinbestekoak baitira.
Gaiaren inguruko berriak:
Goizaldeko ordu bata t'erdiak aldera helduko da etxera Iñaki Sanchez Melendo (2004 Abe 28)
Dagoeneko kalean da Iñaki Sanchez Melendo (2004 Abe 28)
Iñaki Sanchez Melendo urtarrilaren 1ean kaleratuko dute (2004 Abe 27)
Iñaki Sanchez Itzubaltzetako presoari bisitak gehiago murriztu dizkiote (2004 Aza 01)
Baliteke azarorako kalean egotea Iñaki Sanchez Erromoko presoa (2004 Urr 28)