Barrikabason ezin daitekeela eraiki ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 29a, 14:45

Barrikako kostaldeko 65 hektaretako lur-eremuan eraikitzea ahalbidetzen zuen erabakia baliogabetu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Hain zuzen ere, Barrikabaso izenez ezaguna den inguruan, San Telmo eta Muriola alderdiei egiten die aipamen ebazpen judizialak. Bertan, 85 txalet eta babes ofizialeko dozena bat etxebizitza egitea aurrikusten dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Barrikako Udalak. Eraikitzeko baimenak emanda daude jada. Auzia dela eta, sei urte luzez ibili dira aurrez aurre Txipio Bai elkarte naturista eta erakunde horiek.

Aipaturiko hirigintza ekimen biek "ez dute justifikatzen balio paisajistiko handia duen ingurua sakrifikatzea" auzitegiak ebatzi duenez, "ordura arte eremua babestuta egoteaz gain, balio horiek kaltetuta suertatuko direlako behar beste arrazoirik gabe". Hortaz, San Telmo eta Muriola alderdiak babesgune izatetik, bertan eraiki ahal izateko Aldundiak emandako bi agindu bertan behera utzi ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak.

Horrela, Txipio Bai elkarte naturistak 2001ean aurkeztutako demandarekin bat dator epaia, aurretik aipatutako bi aginduak "Zuzenbidearen araberakoak ez" direla ondorioztatzen duelako. Ekologisten hitzetan, "Barrikabaso balio paisajistiko handiko eremua dela argi utzi du auzitegiak. Horrela jasotzen da hainbat txosten ofizialetan, baita EAEn interes naturalistikotzat izendaturiko guneen zerrendan ere. Hamar eguneko epea dago zabalik erabakiari errekurtsoa aurkezteko Espainiako Auzitegi Gorenean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun