Mendigurenek prentsa-agerraldia eskaini du gaur goizean Donostian zenbait euskatzailerekin batera. Bertan azpimarratu dute datozen urteetarako ordenamendu juridikoa izan daitekeena bihar erabakiko dela Eusko Legebiltzarreko bozketan, Eusko Jaurlaritzak estatutu berri baterako eginiko proposamenaren bozketan, alegia.
Horrela, parte hartuko duten legebiltzarkideei dei egin diete Kontseiluak eta beste hainbat euskaltzalek Donostian egindako agerraldian. "Erantzukizun handia dute eta horregatik deia luzatzen diegu kontuan har dezaten datozen urteetarako euskararen etorkizuna erabakitzen ari direla", adierazi du Mendigurenek.
Aipatu bezala, euskara ezagutzeko "eskubidea eta betebeharra" Ibarretxe Planan sartzeko beharra azpimarratru dute. "Horrek euskal herritarren ordenamendu juridikoan jasota gelditu behar du euskararen normalizazio osoa lortu nahi bada; hori egin ezean ez da posible izango aurrerapauso serioak ematea normalizazioaren bidean. Herritarrek beren osotasunean hizkuntzaren ezagutza dutenean aukera errealak izango ditugu hizkuntz eskubideak urra ez daitezen", azaldu du.
Hurrengo belaunaldiak
Hurrengo belaunaldiak euskaldunak izatea "funtsezkoa" dela iritzi dio Kontseiluak, eta hori bermatzeko "neurri zehatzak" hartu eta epe jakin batzuren barruan bete egin behar direla gaineratu du. Halaber,"hizkuntz politika oso bat" aplikatu behar dela uste du, "eraginkorra, epeduna, helburu zehatzak eta lorgarriak dituena, administrazio guztiak inplikatzen dituena eta sailartekoa".
"Hizkuntz politikak gizarteko sektore guztietara iritsi behar du modu orekatuan garatuz ezagutzaren hedapena eta hori erabiltzeko aukerak", adierazi du.
Horrela, EAEko legebiltzarkideek eskakizunak kontuan hartzea nahi eta espero dute agerraldian bildutako euskaltzaleek, euskararen normalizazio eta iraupenera bermatzeko.
Xabier Mendiguren, Paul Bilbao, Txema Auzmendi, Joan Mari Torrealdai, Joanmari Larrarte, Xabier Isasi, Hasier Etxeberria, Paulo Agirrebaltzategi, Jose Angel Iribar, Itziar Nogueras, Kristina Andres, Mikel Aldasoro, Txillardegi, Koldo Tellitu, Iñaki Arregi Ihartza, Joxe Mari Auzmendi, Jose Miguel Campillo, Hau Pittu Hau konpartsa, Xabier Oleaga, Gabi Basañez, Mikel Irastorza, Julia Marin, Jose Antonio Lekue eta Julen Etxeberria dira Kontseiluaren eskariekin bat egin duten euskaltzaleak.
Kontseiluak plazaratutako idatzia:
Datozen urteetarako ordenamendu juridikoa izan daitekeena erabakiko da orain