2005eko udal aurrekontu orokorraren osotasunari emendakina

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 30a, 18:53

Ezin esan azken 25 urteotan demokrazia egon denik Euskal Herrian, ezta udalak, Getxokoa barne, udal demokratikoak izan direnik, burujabea ez den herri batentzat ez baitago demokraziarik. Euskal herritarrok pairatzen dugun eskubide murrizketa ez da ezer berria, baina udaletan parte hartze politikorako baldintza minimoak izan dira bazterketa zehatzik gabeko ordezkaritza sistema baten bitartez.

Gaur aldiz, 2004ko abenduan, helburu eta ideologia politikoen arabera nortzuk ezin duten hautatuak izan eta zer hautes zerrendak debekatuak dauden inposatzen du estatu faxistak. Hautes eskubideei begira herritar guztiak ez gara berdinak eta hautetsi guztiak ez gara berdinak. Azken 19 hilabeteotan hautespen unibertsalaren printzipioa larriki ari da urratzen eta premiazkoa da honen berreskuratzea.

Getxoko Udal Gobernuak apartheid politikoa baliatzen du

Udal batzarra ez dago herri borondatearen arabera osatuta. Milaka getxoztarrek aukeratutako hautes zerrendak ezin du ohiko udal funtzionamenduan parte hartu. Herriak aukeratutako Getxo Bizia hautes zerrendaren zinegotziak ez du ezagupen ofizialik eta ez du udalaren aldetik ez paperik, ezta bere ordezkaritza zereginetarako behar duen sosik jasotzen. Nagusiki lege faxistak hala agintzen duelako, baina baita ere gainontzeko zinegotzi eta alkateak egoera zuzentzeko eta duintasun parametroetara eramateko borondate izpirik ere agertu ez dutelako.

Jada 7 hilabete igaro dira Getxo Biziak mozio bitartez hauteskunde legearen 182.2 artikuluaren aplikatzea proposatu zuela, zinegotzi ordezkapena apartheid politikoa gainditzeko biderik egokiena delako. Hilabete luze hauetan inork ez digu erantzun positiborik eman, ez gure proposamena onartzeko, ez bestelako biderik edo proposamenik aurkezteko.

Aitor Lafuente Ezker Batuko bigarren ordezkariak eta bere partidoak badakite Getxo Biziari dagokion aulkia okupatzen ari direla. EAJ, EA eta EBk badakite Getxo Biziari lapurtutako zinegotzi postuak ematen diela gehiengo osoa udal batzarrean eta behin eta berriz erabiltzen ari dira, baita udal aurrekontuak onartzeko ere.

Aurten ere aurrekontu zirriborroaren kopia ukatu egin zaio Getxo Biziari eta orain arte ezin izan ditugu beraz aurrekontuok aztertu. Honek argi erakusten du noraino ari den Getxoko Udal Gobernua apartheid politikoaren indar eragilea bilakatzen. EAJ, EA eta EB apartheid politikoa erabili eta bultzatzen ari dira.

2004koak bezala 2005eko Getxoko Udal Aurrekontuak bazterketa sistematikoa eta apartheid politikoaren aurrekontuak dira.

Udal Aurrekontuak osatzeko parte hartze herritarra

Getxoztarrok ez ditugu datorren urteko udal aurrekontuak ezagutzen eta udalgintzan parte hartzeko bideak ere ez zaizkigu eskaintzen. Udal funtzionamenduak gero eta gehiago enpresa pribatu batenaren antza du, erregularki bere intereseko flash informatiboak zabaltzen dituen administrazio kontseilu baten gidaritzapean, kasu honetan gehiengo faltsuak babestutako udal gobernua.

Getxon herritarrek eta gizarte mugimenduek udalgintzan parte hartzeko bideak gero eta gehiago ari dira legeek espreski exijitzen duten neurrira murrizten eta horregatik aurkeztu zuen mozio bitartez Getxo Bizia herri plataformak pasa den azaroan, aurrekontuen osaketan herritarren parte hartzea sustatzeko proposamena. Herritar guztiontzat demokrazia parte hartzailea aldarrikatzen dugu. Udal talde politiko guztien parte hartzea gobernu batzordean, udal batzorde irekiak, kultur, kirol eta gizarte taldeen parte hartze zuzena arlo desberdinetako kudeaketan, Udalak ahobatez onartua duen Aalborgeko kartan ezinbestekotzat jasotzen den parte hartze kultura sustatu, udalerriaren etorkizuna zehazten duten plangintzei buruzko erreferendumak, eta abar eta abar, eta aurrekontuen eztabaidari dagokionez bereziki gogoratuz ezker abertzaleak gobernu ardurak izan dituen hainbat udaletan udal aurrekontuak osatzeko egon diren auzoz auzoko parte hartze esperientziak.

Herritarrek udal aurrekontuen osaketan eta eguneroko kudeaketan parte hartzeko eskubidea dute.

Neoliberalismoari aurre egiteko ondasunen politika birbanatzaileak behar ditugu

Espainiar legeak direla eta ez direla, eta berdintasunean inoiz negoziatu ez diren kontzertuak direla medio, kupo eta antzekoen bitartez dirutza alde egiten digu Euskal Herritik. Horri bertoko foru ogasunek behar bezala kontrolatu nahi ez duten iruzur fiskala eta oro har atzerakoia den politika fiskala gehitzen badiogu, euskal herritar xehe eta langileok dagokiguna baino zama ekonomiko handiagoa jasan behar dugu.

Horren adibide dira udal gobernuak herritar guzti guztiok berdin ordaindu behar ditugun tasen igoerak, zarama bilketa tasa aurten %30, estolderia tasa datorren urtean %7, kiroldegi publikoetako tasak %10...

Aldi berean udal zerbitzuen pribatizazio politika oldarkorraren bitartez, EAJ-ren gidaritzapean udal gobernuak lan merkatuaren prekarizazioan bere alea jartzen du.

Kontraste handiko udalerri honetan getxoztarrok udal finantzaketa eta enplegu politika birbanatzaile eta aurrerakoiak behar ditugu.

Etxebizitza zozketa bat baino, eskubide izateko ekimenak

Azken 25 urteotan eraikuntza eta ondasun higiezinak espekulazio basatiaren menpe izan dira. Getxoko Udalak `iniziatiba pribatua´-ren menpe utzi du etxebizitza eta honen merkatuaren bilakaera. 90eko hamarkadan hirigintza plangintza berria diseinatu zenean, legeak agindutako babes ofizialeko etxebizitza kopurua baino murritzagoa ezarri zen.

Gaur egun Getxon etxebizitzen % 15a hutsik dago, babes ofizialeko etxebizitzen eta etxebizitza sozialen eskaintza minimoen pean dago, alokairu publikorik ez da eskeintzen. Udaleko eskaera zerrendetan milaka herritar mirariaren zai dago eta milaka herritar zozketa baten zai dagoen bitartean, egun Getxon 50 etxebizitza publiko baino ez ari da eraikitzen.

Ezker Batua Getxon etxebizitza arloaren buru dagoenetik udalak ez du ekimen berri aipagarririk aurkeztu. Egiten ari den apurra aurreko agintaldietan erabaki eta bideratu zen.

Udal aurrekontuek etxebizitza arloan era askotako ekimenak bideratzeko diru partida garrantzitsuak jaso behar dituzte eta gutxienez aurrekontu orokorraren %5a bideratu behar da ekimen hauetara.

Euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatu behar dira

Esperientzia jasan berria da jendaurrean erakusten diren behin behingoz onetsitako zerga ordenantzak erdera hutsean irakurri behar izatea. Orain arteko euskara politikek edukinari eta errealitate gordina aldatzeari baino irudiari erreparatu diote gehiago. Emaitza bistan da: Jendaurrean erakusten diren txosten publikoak erdera hutsean erakusteko lotsarik ez eta gainera holan egitea legezkoa dela erantzuten zaigu.

Euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuak izan daitezen, udal aurrekontuek ekimen zehatz eta partida egokiak jaso behar dituzte. Minimo egokia deritzogun aurrekontu osoaren %2tik oraindik urrun daude euskara ataleko diru partidak.

Kirol arloan bestelako udal politikak premiazkoak dira

Kiroldegiez gain kirolaren praktika sustatzeko politikak, kirola herritarrei eta auzoetara hurbildu eta udalerriko kirol talde eta eragileen arteko sarea osatu.

Euskal lizentziak, euskal selekzioak eta federazio nazionalak sortzea bultzatzeko ere udal politika ausart eta eraginkorrak nahi ditugu eta horretara bideratuta dauden aurrekontuak.

Esanak esan ondoren eta kontuak erakustera udal gobernua derrigortuta egongo denean zehatz mehatz aztertuko ditugularik, espektro politiko osoaren kolore guztien parte hartze efektibo eta herritar guztien parte hartzea ere bideratzen duen, herritar ororen eskubide sozial eta politikoak aintzat hartuko dituen udalgintza kudeaketa eta politikaren aldeko 2005eko udal aurrekontu orokorraren osoko emendakina aurkezten du Getxo Bizia herri plataformak.


Getxon, 2004ko abenduaren 30ean
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun