Kalitatezko hiri azpiegitura eta mugikortasun jasangarria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 30a, 20:12

"Hiri atsegina, harmonikoa eta iraunkorragoa" egiteko asmoz 28.600.000 euro inbertituko ditu Getxoko Udalak. Besteak beste, Hirigintza Arloak mugikortasun jasangarria sustatu eta autoen eta oinezkoen arteko bizikidetza hobetuko du. Arlo honetako buruak, Andres Uriarte zinegotziak aipatutakoaren arabera "honek oinezkoa lehenesten duen hiri atseginago bat egiten ari garela esan nahi du. Gure irudikoz autoa baino ahulagoa oinezkoa da, eta hirian bizi dena den aldetik, hortaz, ibilgailuen aurrean lehentasuna behar du izan". Oinezkoa bere inguruan gustora izan dadin, datorren urtean, -Irisgarritasun Plangintzaren barruan direla- pasealekuak egin, espaloiak handitu, plazak berriztatu eta bide antolaketa arloko laneekin jarraituko da, eta horretara 1.200.000 euro bideratuko dira.

Horretaz gain, 540.000 eta 300.000 euroko diru kopuruak zuzenduko dira Santa Eugenia eta Santa Ana enparantzak berritzeko. Horrekin batera, udalerriko kale askotako espaloiak zabaldu eta konponduko dira eta Bizkaiko Zubiaren inguruak birrantolatuko dira.

Halaber, Tokiko Gobernu Batzak partida berriak izendatu ditu Ereagako igogailu berrirako, egun eraikitzen ari dena. Egiteke daudenen artean Bidezabaleko arrapalak jarri dituzte, 1.350.000 euroko aurrekontua izanik. Villamonteko arrapalak, Algortan ere, 300.000 euro jasoko dute datorren urtean. Portu Zaharrean aurreikusitako lanetarako, berriz, 1.200.000 euro izendatu dituzte.

Zaramaren garbiketa eta batze lanetara 10 milioi euro bideratuko dira.

Udalak datorren ekitaldira begira lehenetsi dituen estrategien artean hiriko zerbitzuen hobekuntza aurreikusten da eta horri eusteko Hirigintza Arloak parke eta lorategien zaintza lanak egin (1.820.000 euro); hiri mobileria hobetu (65.000 euro); barandak jarri (36.000 euro); haurrentzako jolasguneak ipini eta zaindu (122.000 euro); eta bide sarea (830.000 euro), ur eta saneamendu sarea (400.000 euro) eta hiri argiztapena (150.000 euro) hobetuko ditu.

Zarata kutsadura

Getxoko udalerrian zaratak eragindako kutsadura arautuko duen ingurumen ordenantza da datorren urtean egingo diren ekintza nagusienetako bat, Fernando Burzako Ingurumen eta osasun Publiko zinegotziak aipatu duenez. Ordenantza horrek, oro har zirkulazioak eta bereziki ziklomotorrek eragiten dituzten zaratak arautuko ditu, Burzakoren esanetan, "kexa iturri izan baitira hiritar askorentzat". Araudi honekin arlo horretan ingurumen kutsadura ahalik eta gehien kontralatu nahi dute, Ingurumen Saileko buruaren esanetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun