Kultur eta kirol bikaintasuna

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 30a, 20:35

Getxoko Udalak 18.596.253 euro zuzenduko ditu "udalerriko kultur eta kirol bikaintasuna lortzeko" 2005ean, udal arduradunek adierazi dutenez. Diru kopuru hau kultur eskaintza bikaina eta kalitatezko kirol zerbitzuak izateko, jaiak laguntzeko eta euskararen erabileraren normalizazioa sustatzeko izango da. Hauek izango dira sail desberdinen, hau da, Kultura, Kultur Etxea, Presidentzia, Musika Eskola eta Getxo Kirolak erakundeen ekintzak bideratuko dituzten ardatz estrategikoak. Azken erakunde autonomo honek egungo Fadurako Udal Kiroldegia ordezkatuko du.

Zentzu horretan, Getxo Kirolaken lehendabiziko aurrekontua 5.883.302 eurokoa izango da, aurrekoa baino %8 handiagoa, Fadura Kiroldegia, laster zabalduko den Gobelakoa eta Andra Marikoa kudeatzeko, “aldaketa kualitatibo handia ekarriz”, Guzman Aranaga Kulur eta Kirol zinegotziak azaldutakoaren arabera. Erakunde berri honek udalerrian izandako eskaeraren hazkundeari eman nahi dio erantzuna. Aranagak emandako datuen arabera, Fadura Kiroldegia duela 34 urte zabaldu zen orduan zeuden 40.000 biztanleentzat. Gaur egun, Getxok 84.000 mila biztanle ditu eta kirol eskaerak desberdinak dira.

Horren aurrean, egungo udal gobernu taldeak Fadura birmoldatzeko politikarekin jarraitzen du, 58.000 metro koadro izatetik 93.000 izatera igaroz, eta Gobelako instalakuntza berrietan beste 27.000 metro koadro gehiago eraikiz. 2005eko udaberrian martxan egotea espero da.

Kirol alorrean ere, 438.000 euro eman dira Arraunketa eta Bela pabiloiak eraikitzen hasteko. Era berean, 514.000 euro zuzenduko dira udalerrian praktikatzen diren 25 inguru kiroletarako, 277.665 euro kultur taldeen dirulaguntzetarako eta 137.000 euro jaietarako.

Kultur bikaintasuna

"Kultur bikaintasunaren" ildoan jarraitzeko, 5.488.215 euroko aurrekontua izango du Getxoko Kultur Etxeak, aurrekoan baino %5 gehiago. Ekitaldi nagusiak sendotu eta berriak bultzea izango da helburua, Elena Koria zinegotziak azaldu duenez.

Gainera, Kultur Etxeak auzo desberdinetan dituen aretoetan jarduera egitarau zabala eskaintzen segituko du; udalerriko liburutegiak EAEko sarean sartzeko karnet bakarra ere lortu nahi dute eta herri ospakizunak laguntzen jarraituko dute, tartean Ihauteriak eta Santa Agedako abesbatzen lehiaketa.

Kultur Etxearen aurrekontuaren dirukopuru garrantzitsua (1.045.940 euro) udal euskaltegirako izango da, "gaur egun EAEn dagoen udal euskaltegi handiena izanik". Gainera, 1.033.957 euro euskara indartu nahi duten egitasmoei jarraipena emateko izango dira: GEHI, EGIZU eta gizarte esparru desberdinetan euskara zabaltzeko ekintzak garatzeko. Baita eskolaz kanpoko ekitalditarako, nagusiak euskalduntzeko edota udalerriko kirol eta kultur taldeei laguntzeko.

Azkenik, Andres Isasi Musika Eskolak 2.044.000 euroko aurrekontua izango du, iaz baino %2,5 gutxiago. Musika kultura bultzatzeko helburuarekin, musika-tresna eskaintza zabala dauka adin guztietarako, beste egitarau osagarri batzuk tartean: hezkuntza berezia behar duten haurrei zuzendutako Musikoterapia Tailerra, hurrenez hurren. Gainera, Pio Lindegaarden fondoa katalogatzen jarraituko dute eta Larraurirena katalogatzeari emango diote hasiera, udalerriko ikasleei kontzertu didaktikoak eskaintzeaz gain.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun