Ez desafinatzeko, Gabon zahar gauen eztarriak zaintzen saiatzeko eskatu diete sopeloztarrei udal arduradunek. Hala ere, bereziki, neska-mutikoei begira antolatutako ospakizuna da biharkoa. Abestera hurbiltzen diren umeak Gabonetako Umeen Parkean abenduaren 28an eta 29an egiteko aukera izan duten txerri maskarak ere eraman ahal izango dituzte.
Ohitura zaharra
Ia desagerturik zegoen ohitura zaharra berreskuratzeari ekin zion igaz Sopelako Udalak. Udal arduradunek azaldu dutenez, aspaldi batean Sopelan eta Bizkaiko hainbat lekutan, herriko jendea etxerik etxe joaten zen urte barria zoriontzen, Gabon sariaren eske, honako lelo hau abesten:
urte barri
txarri belarri
dekonak ez dekonari
nik ez dekot eta zuk niri
ezpabere
martillutxu bategaz
aginek ausi
triski trauski
(Sopelako erara)