Getxo aldean 54 BOE egiteko hitzarmena legezkoa dela dio udal gobernuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 3a, 18:55

Getxo auzoko Ormaza Bekoa aldean babes ofizialeko 54 etxebizitza egongo dira, udal batzarrak eta etxegintza enpresa pribatu batek adostutako lurzoru-truke hitzarmenari esker. Neurriak osoko bilkuraren onespena jaso zuen joandako ostegunean, abenduaren 30an. Andres Uriarte Hirigintza zinegotziak gaur emandako prentsaurrekoan aipatu duenez, trukeak aspaldian Getxoko garagardotegia zegoen lurzoruetan du eragina. Bertan, sustapen askeko 100 etxebizitza ere eraikiko dira. Hain zuzen ere, lurzoru-trukea "irregulartzat" jo zuen PSE-EEk. Uriartek, berriz, "guztiz legezkoa" dela adierazi du.

Eraikuntza horretako sustatzailetako batekin hitzartutakoaren arabera, hasiera batean egindako banaketaren emaitzaren ondorioz, azken honi egokitu zitzaizkion babes ofizialeko 42 etxebizitzak Getxo Udalarenak izango dira, tokiko erakundearenak ziren sustapen askeko 11 etxebizitzen truke (1.600.000 bat euroko balioa dutenak). Aipaturiko kopuruari udalari ere egokitu zitzaion 9,5 etxebizitza eta beste enpresa sustatzaile bati dagozkion 2,5 gehitu behar zaizkio, azken honekin akordioa lortuz gero. Horrelaxe, Getxoko Udalak eskaini asmo dituen 54 etxe kopurura iritsiko litzateke.

Horretaz gain, beste bi lurzoru bereganatuko ditu udalak Martiturri aldean: bata 3.185,76 metro koadrokoa eta 383.000 euroko balioa duena eta bigarrena 363 metro koadrokoa eta 44.000 eurotan baloratutakoa, etorkizunean enpresagunea eraikitzeko asmoz. Enpresa sustatzaileak 322.000 euroko dirusaria eta Eusko Jaurlaritzak dagoeneko 42 BOEak eraikitzeko onartu duen aurreproiektua ere emango dizkio.

"Hitzarmen onuragarria"

Andres Uriarteren esanetan, “truke-hitzarmena ona eta interesgarria da udalarentzat Getxon berrogeita hamar BOEetatik gora eraikitzeko lurra izango dugulako. Egitasmoa bideratuta dago jada". Akordioak dakartzan abantailen artean, udalak trukean ematen duena baino lur ondare haundiagoa lortuko duela ere azpimarratu dute, “getxoztarren beraien onerako, eurek jasoko baitituzte Getxoko BOEak". "Laster batean egongo dira eginak eta lurzoruari balio haundiagoa emango diote”, zehaztu du Uriartek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun