Hitzarmena bi arlotan oinarritzen da. Alde batetik, energia berriztagarriekin zer ikusia du, eta hori aurrera eramateko bi ikerketa burutuko dituzte, ondoren praktikara eramateko. Lehendabizi, udal eraikinetan eguzki-energia erabili ahal izateko azterketa egingo dute (eguzki-panelak). Hain zuzen ere, Jesusen Bihotza Udal Egoitzatik hasiko dira. Izan ere, Iñaki Zarraoa alkateak aipatu duenez, eraikin horrek baldintza egokiak ditu aipatu ikerketa burutzeko. Bigarren, petrolioaren eratorriak erabili beharrean udal ibilgailuek bioerregaiak erabiltzea aztertuko da. Zentzu honetan, etorkizunean, energia mota hori erabiltzen duen ibilgailua erostea aurreikusten du Udalak, EEEk gomendatzen baldin badio.
Energia aurrezteko neurriak
Energiaren zentzuzko erabilera aurreikusten duen bigarren arloak, berriz, herriko argiak ditu ardatz. Zentzu horretan etorkizunean irtenbide ezberdinak eman nahi dituzte: kalean jende gehiago dagoen orduetan argindarra handiagoa erabili, eta jende gutxiago dagoenean, aldiz, argiaren potentzia jaitsi... Guzti hau energia aurrezteko asmoz egingo dute, Zarraoak adierazi duenez.
Hitzarmenak aurreikusten dituen ekintzak aurrera eramateko behar diren baimenak eta lizentziak kudeatuko ditu Getxoko Udalak. EEEk, bere aldetik, Europan, Espainian eta Euskal Autonomi Erkidegoan burutzen diren proiektuetara atxikitzeko kudeaketa egingo du.