Sopelako PSE-EEko egoitza Lizarre kalean dago eta eztandaren unean ez zegoen inor bertan. Leherketaren ondorioz, egoitzako pertsiana bat apurtu zen, eraikineko aurrealdea belztuta gelditu zen eta etxepekoek itzali behar izan zuten sua piztu zen. Ertzaintzak ikerketa ireki du gertakariaren inguruko xehetasunak argitzeko.
Pintadak Algortako batzokian
Beste alde batetik, El Correo Españolek, adierazitakoaren arabera, hainbat txanodun sartu ziren Algortako batzokiko tabernara, arratsaldeko bostetatik seietara bitartean, Errege Magoen desfilea hasi aurreko minutuetan. "Bertan zeudenak mehatxatu ostean", pintadak egin zituzten egoitzako hormetan eta margo gorri eta horiak jaurti zizkioten eraikinaren aurrealdeari. Hala ere, Algortan izan beharrean gertaera hori Sopelako batzokian izan zela adierazi zuen atzo Eitb24.com-ek. Sopelako Udaltzaingoak UKBERRIri jakinarazitakoaren arabera, horrelakorik ez da gertatu bertoko EAJko egoitzan.
Gaitzespen ugari
Eusko Jaurlaritzak, prentsa ohar bidez, bi erasoak "gaitzetsi" zituen. Era berean, erasoek kalte handirik sortu ez izanak gertaerei ez diela garrantzirik kentzen adierazi zuen. Bestalde, Jaurlaritzaren ustez, halako ekintzak egiten dituztenek "ezker abertzaleak defendatutako konpromiso politikoen aurka egiten dute". Oharrak jasotzen duenez, "sistema demokratiko batean desberdintasun politikoak hitz eginez adierazten dira; inola ere ez pertsonei edo alderdiei eraso eginez". Ideiak "epaitu" ditzaketen bakarrak herritarrak direla gaineratu zuen, hartarako hauteskundeak erabiliz.
Onintza Lasa EAko zuzendaritzako bozeramailearen esanetan, "adierazpen eta pentsamendu askatasunaren aurkako erasoak" izan dira herenegungoak. Gertaerek penatu egiten dutela azaldu zuen, haren esanetan lortzen duen bakarra "hiritarrengan asaldura eta samina eragitea delako". Hargatik, elkarrizketaren eta elkarrenganako errespetuaren aldeko apustua egin zuen, eta halako ekintzak amaitu daitezela eskatu.
Erasoak Ibarretxe Planarekin lotu dituzte PSE-EEk eta PPk
Jose Antonio Pastor PSE-EEko Bizkaiko idazkari nagusiaren ustez, berriz, Estatutu Berrirako Proposamenarekin lotura zuzen-zuzena dute bi erasoek: "EAJk Ibarretxe Planaren bidez egin duen proposamenak lortu duen bakarra indarkeria zaleei hego berriak ematea izan delako gertatzen dira halako gertaerak", azaldu zuen. Halaber, "indarkeriaren munduak Erregeetarako egindako opari makabroa" dela nabarmendu zuen, "indarkeria mezua bidaltzeko". Nolanahi ere, halako erasoek ez dutela PSEren jarreran inolako aldaketarik ekarriko ziurtatu zuen Pastorrek: "Ez du, inolaz ere, ezertan aldatuko PSEren ildo estrategikoa". Halaber, halako ekintzek "berrespen bat" egiteko balio duela adierazi zuen: "Ezinbestekoa dela herri honetako indarkeria amaitzeko moduari buruz akordioa lortzea eta guztion arteko adostasunera heltzea", zehaztu zuen.
Leopoldo Barreda PPko legebiltzarkidea urrunago joan zen. Haren ustez, "lehendakariari bere Plana bultzatzeko eskua ematen dioten haiek dira beste eskuarekin Sopelako egoitzara koktelak bota dituztenak". Horixe erakusten dute, popularren ustez, azken ekintzek: "Herritarren erdiek baino gehiagok abertzaleek baino aukera politiko gutxiago dituztenean, lehendakariak demokraziarekin zerikusirik ez duen ETA-Batasunaren eskua hartu duela".