Berangoko gaztetxea orain dagoen etxearen jabea nor zen ere, ez dago argi. Gazteek izen bat zeukaten eta agureek beste bat. Biek ala biek argitzen zuten jabea hilda dagoela aspaldi. Gazteen arabera, hildakoaren alaba Suitzan bizi da eta hildakoaren baimenaz orain arte ortuan lan egiteaz eta etxea zaintzeaz arduratu den gizona jada utzi dio zeregin hori egiteari.
Nagusiek aldiz, pertsona horren errentapekoak izatea eta ortuaz eta etxeaz arduratzea aldarrikatu dute. Zentsu horretan goiko pisuan zeuden kalabaza eta patatak bereak direla aitortu dute. Haserre bizian jardun dute gaztetxekoekin eta zerraila apurtu izana kritikatu dute irainen artean.
Proposamen irekia
Berangoko Gazte Asanbladako kideek saiatu dira negoziatzen hiru agureekin baina hauek ez dute ezer entzun nahi izan. Gazteen proposamena etxea banatzea izan da: ortua eta goiko aldea adinekoentzat, hori baita erabiltzen dutena, eta zikinkeriz beteta zegoen beheko solairua gaztetxe bezala erabiltzea.
Mehatxu berrien artean joan dira agureak Santana auzoko etxetik. Haien hiru semeekin eta udaltzaingoarekin bueltatuko direla agindu dute.
Ekimen luze baten azken emaitza
Berangoko Gazte Asanblada duela gutxi sortu zen, herriko gazteek dituzten gabeziei buruz ausnartu zutenean. Gabezirik handiena biltzeko eta ekitaldiak antolatzeko lokalik gabe egotea zela erabaki zuten eta horri buruzko kanpainari ekin zioten. Berango osoa kartelez beteta dago, Udalari lokalen gabezia leporatuz eta okupazioaren aldeko deiak eginez.