Apartheidaren aurrekontuak - Christian Reinicke / Getxo Biziako kidea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 7a, 22:04
Behin behingoz onartuak izan ziren pasa den astean Getxoko Udaleko 2005 urteko aurrekontuak. Komunikabideetan agertutakoaz eta batzar aretotik kaleratu gintuzten arte osoko bilkuran entzun genuenaz gain, ezer gutxi esan dezakegu oraingoz hasi berria den urterako Udalak eta udal erakundeek dituzten aurreikuspenei buruz, hauek zehazterakoan EAJ, EA eta EBk osatzen duten Udal Gobernuak herritarren parte hartzea ezezik hauteskundeetan aukeratutako herri ordezkariak baztertzen dituelako.
Eskuma neoliberalaren estiloan Eusko Alkartasunak eta Ezker Batuak euren bulegoetan sukaldatzen dituzte diru kontuak herriarekin ezer partitu gabe, eta aipatutako biak gehi berez eskumakoa den Eusko Alderdi Jeltzalea ilegalizazioaren auzian faxista espainolek indarrez inposatutako irizpide baztertzaileak praktikan jartzen ari dira. Osoko bilkuran besteek eurenak bezala, guk Getxo Biziaren iritzia eta proposamenak aurkeztu eta eztabaidatu nahi izan genitulako, Iñaki Zarraoak kaleratu egin gintuen. Herri ordezkariari hitza ukatu noiz eta, ustez urte osoan zehar garrantzitsuenetarikoa den eztabaidan parte hartzerik izan ez dezan.

Hilabeteroko kronika honetan udal aurrekontuen edukinei buruz idaztea gustatuko litzaidake, baina Getxo Biziak kopiarik jaso ez duenez, ez daukat bigarren edo hirugarren eskutik jasotako datuetan oinarrituta baloraziorik egiteko gogorik. Paperok jaso edo gutxienez ikusi arte ez dut hiri hondakin solidoak erraustegira bidaltzeagatik kobratu nahi digutenaz, euskarak aurrera egin dezan oraindik pairatzen ari den ikuspegi zabalaren eta diruen faltaz edo etxebizitza eskubidea bermatzeko ganorazko iniziatiba ezaz idatzi nahi, eta beste baterako utzi beharko dut.

Aztertu ahal izateko itxaron egin beharko dugu behin behingoz onetsitako aurrekontuak boletin ofizialean argitaratu eta jendaurreko 30 eguneko erakustaldia ireki arte. Orduan ere susmoa dut iaz bezala kopiarik ez digutela emango eta bulego orduetan goizeko 8etatik eguerdiko ordubiak arte, nor bere eguneroko lanean dagoen bitartean, udaletxean bertan aztertu beharko ditugula. Dena gardentasuna eta erreztasunak.

Inork zalantzak bazituen, hau da ustez alderdi politikoen eta hautes zerrenden legez kanporatzearen aurka zeudenen jokaera. Herritarren bozak eta hauen ondoriozko ordezkariak ez dituzte aintzat hartzen. Ahoa irekitzen duten bakoitzean demokrazia, etika eta gizarte baloreak eurengandik sortu izan balira bezala pontifikatzen dutenak hain oinarrizkoa den eskubidea behin eta berriro, sistematikoki zanpatzen ari dira.

Aitor Lafuente, zertan ari zara oraindik ez duzula zilegitasunik gabe okupatzen ari zaren aulkia utzi?

Imanol Landa, Fernando Burzako, Iñaki Urkiza, udalean Eusko Alderdi Jeltzalea, Eusko Alkartasuna eta Ezker Batuaren bozeramaile lanak egiten dituzuenok, ez al duzue gertatzen ari denaren aurrean ezer esateko?

Iñaki Zarraoa alkatea, gustura daramazu aukera politiko baten legez kanporatzearen bitartez führercito Aznarrek zure gobernuari oparitu dion gehiengo oso faltsua?

Noiz itzuliko diozue herriari faxistek zuen esku jarritako harrapakina?
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun