Ongi etorri, Peke

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 9a, 21:39

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren izenean, ongi etorriarekin batera, eskerrak eta zorionak ere eman nahi dizkizugu. Eskerrak, espetxean izan zaren bitartean, zure burkideekin batera, askatasunaren ikurrari duintasun osoz eutsi diozulako. Zorionak, espetxe ilunetik irten eta dagoeneko gure artean zaitugulako.

Baina zure kaleratzearekin euskal preso politiko guztiak kaleratuko diren eguna irudikatzen dugun bezala, gogora ekarri nahi dugu astelehen honetan, urtarrilaren 3an, euskal preso politiko guztiek abiatu duten burrukaldia eta burrukaldi honek duen garrantzia.

Amnistiaren Aldeko Mugimendutik bi gauza azpimarratu nahi ditugu burrukaldi honen inguruan:

Lehena: Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren burrukaldi hau ez dator une honetan kasualitatez.

Bigarrena: estatus politikoaren aldarrikapena egitea ere ez da kasualitate huts bat.

Batetik, Ezker Abertzaleak lehentasun bat proposatu du une politiko honetan: gatazka gainditzea. Gatazka gaindituko duen prozesu hori dagoeneko martxan dago, prozesu hori aurrera eraman beharra sentitzen dugun guztion zeregin eta ekarpenak bertan metatzea ezinbestekoa da. Presoek ere euren aportazioa egin nahi diote gatazka gainditzeko prozesuari eta horregatik ekin diote orain burruka dinamika iraunkor berri bati.

Bestetik, presoen estatus politikoaren aldarrikapena egitea ere ez da kasualitatea. Aldarrikapen hau ez da orain sortu. Baina gatazka gainditzeko prozesu honetan Euskal Herriak du hitza! esaten dugunean, Euskal Preso Politikoek badute hitza! ere esaten ari gara. Eta kontua ez da bakarrik estatus politikoa aplikatuz presoen eskubide politikoak onartu eta prozesuari ekarpen emankorragoak egin ahal izango dizkiotela. Kontua ez da hori bakarrik. Kontua da presoen izaera politikoa onartu barik, hemen ez dela egongo gatazka gainditzerik. Presoen izaera politikoa onartzea ezinbestekoa dela justizian eta autodeterminazio eskubidean oinarritutako konponbide demokratikoan aurrera egiteko.

Euskal Preso Politikoen burrukaldi honen garrantzia gatazka gainditzeko erdigunean kokatzean datza hain zuzen.

Eta Pekeri omenaldi hau egiten diogunean, Pekek bezala preso guztiek kalean behar dutelako, euskaldunon eskubideak defendatzeagatik kartzelan inor izan behar ez delako, deialdi ozen bat egin nahi dugu gatazka gainditzeko prozesuan denok bildu eta euskal preso politikoen burruka dinamika iraunkorra guztion artean sostengatzeko.

Euskal Preso Politikoek euren agirian esan duten bezala:

Euskal Herriaren askatasuna dago jokoan.

ISOLAMENDU POLITIKOAREN KONTRA, ESTATUS
POLITIKOAREN ALDE, EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA!

Gora Peke
Gora Euskal Preso ta iheslariak
Gora Euskal Herria Askatuta.


Amnistiaren Aldeko Mugimendua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun