Txalapartaren oihartzuna airean zegoela, oraindik ere kartzelan dauden euskal preso politikoak gogora ekartzeko aukerarik ez dute galdu nahi izan. "Euskal Herriaren alde lan eta borroka egiten dutelako espetxeratuak daude", aipatu du hitza hartu duen gazteak. "Hauek urte askotako espetxe zigorrak jasan behar dituzte, herritik urrun eta egoera jazanezinetan gure askatasunaren alde egiteagatik", adierazi du, Sanchez Melendori "bihotz-bihotzez" ongi etorri ozena eman aurretik.
Sakabanaketaren ondorioak
Hamar urte luzetako zigorra etxetik urrun eman ostean, txalo zaparrada bero artean hartu dute Itzubaltzeta / Erromoko presoa senide eta lagunek. Hain zuzen ere, "horiek dira sakabanaketa politika modu krudelagoan bizi dutenak", hitza hartu duten guztiek nabarmendu nahi izan dutenez, urtetik urtera ehunka bider egin behar izaten dituzten bidai luzeek nekea ezezik, hainbatek bizia galtzea eragin duten auto istripuak ere ekarri dituztelako.
Sakabanaketaren ondorioak ongi baino hobeto ezagutzen ditu Xelok, Sanchez Melendoren bikotekideak. Izan ere, Peke espetxez aldatu zutenean herritik urruntzeaz gain bere emazteagatik ere are gehiago urrundu zuten, hau Valentzian bizi baita, Mansillatik 685 kilometrotara, alegia. Hala ere, "senide eta lagunen betebeharra preso dauden horiei sostengua" ematea dela argi utzi nahi izan dute bertan bildutakoen artean. Gauzak horrela, bere gizonaren alboan egoteko aukerarik ez du galdu nahi izan Xelok. Bion alaba txikia Irati eskuetan igo da taulagainera hirurak batera ohorezko aurreskuaz gozatzeko.
Tartean, Mexikon espetxeratuta dagoen Jon Artola Diaz "Txakur" presoaren anaia Josebak eta Candido Sagarzazu Gomez Pariseko La Santen espetxeratuta dagoen donostiarraren amak, emazteak eta alabak ere egon nahi izan dute Sanchez Melendoren alboan hainbat opari emateko.
Erakundeen elkartasuna
Gaur ere hainbat erakunde politiko eta sozial hurbildu dira ekitaldira Itzubaltzeta / Erromoko presoari beraien elkartasuna eta babesa ematera; Gazte Enbata konpartsa, Itzubaltzeta gaztetxea, Herri Norte Taldea, Segi, Etxerat, Batasuna eta Askatasuna, besteak beste. Baita opari mordoa ekarri ere, ekitaldiaren seriotasuna alde batera utzi eta hainbat irribarre piztu dituena. Izan ere, lanpasa eta etxeko zapatilak oparitu dizkiote Itzubaltzetakoek.
Behin opariak jasota, eskualdeko preso guztien argazkiak eskuan zituztela horien senideek hartu dute lekua eszenatokian, erromotarra ere den Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" presoak Sanchez Melendori Palentziako Dueñas espetxetik idatzi dion gutuna entzuteko.
"Euskal Preso Politikoek badute hitza!"
Ekitaldia amaitu aurretik, urtarrilaren 3an, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak abian jarritako mobilizazioa gogora ekarri nahi izan du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak: "Gatazka gainditzeko prozesu honetan 'Euskal Herriak du hitza!' esaten dugunean, 'Euskal Preso Politikoek badute hitza!' ere esaten ari gara. Eta kontua ez da bakarrik estatus politikoa aplikatuz presoen eskubide politikoak onartu eta prozesuari ekarpen emankorragoak egin ahal izango dizkiotela. Kontua ez da hori bakarrik. Kontua da presoen izaera politikoa onartu barik, hemen ez dela egongo gatazka gainditzerik".
Horretaz gain, presoek abiarazi dituzten txandakako hamar egunetako "txapeoak" horrenbesterako ez direla pentsatzea "errore ikaragarria" dela nabarmendu nahi izan dute amnistiaren aldeko erakundeko kideek, "egunak joan ahala zigor berriak eta isolamendu arazoak ere egongo direlako". Hori dela eta, "guztiok egoeraren mailan egotea ezinbestekoa dela" ohartarazi dute. Hain zuzen ere, Jon Bilbao Moro erandioztarra eta Gorka Garcia Sertutxa "Patas" algortarra daude lehendabiziko txandako presoen artean.
Gaiaren inguruko berriak:
Igandean ongi etorri ekitaldia egingo diote Iñaki Sanchez preso ohiari (2004 Urt 05)
Sanchez Melendo dagoeneko etxean dago (2004 Abe 29)
Goizaldeko ordu bata t'erdiak aldera helduko da etxera Iñaki Sanchez Melendo (2004 Abe 28)
Dagoeneko kalean da Iñaki Sanchez Melendo (2004 Abe 28)
Iñaki Sanchez Melendo urtarrilaren 1ean kaleratuko dute (2004 Abe 27)
Iñaki Sanchez Itzubaltzetako presoari bisitak gehiago murriztu dizkiote (2004 Aza 01)
Baliteke azarorako kalean egotea Iñaki Sanchez Erromoko presoa (2004 Urr 28)