Zalantzarik gabe, Elliott Murphy rockaren historiako pertsonaiarik bitxienetakoa da. New Yorkekoa izanik Parisen bizi da. Musikaren multinazional handienetatik at, askoren ustez rock munduko musikagilerik grinatsu, jantzi eta azkarrenetakoa da.
Musika munduan konta ezin ahala jarraitzaile ditu, besteak beste, REM taldeko Peter Buck, Lou Reed, Tom Petty, John Mellencamp eta Elvis Costello musikagile argiak. Bere azken diskoetako batean Bruce Springsteenek parte hartu zuen. Hain zuzen ere, azken horrek Parisen jotzen duen bakoitzean Murphy gonbidatzen du eszenatokira igotzera.
"Soul Surfing" du azken lana, bere lanik harrigarrienenetakoa, hain zuzen. Berriro ere berarekin du "Rainy Season" aurreko diskoan aritu zen banda berbera: Kenny Margolis (Willy DeVille-ren taldeko tekla-jolea) Hammond B3 organo, piano, akordeoi eta 60 eta 70eko hamarkadetako egundoko bildumako piano elektriko eta sintetizadoreetan; Ernie Brooks (Modern Lovers taldeko kide ohia) baxuan; beti ere inspirazioa lagun duen Olivier Durand gitarra akustikoan eta ahotsetan laguntzen; eta Florent Barbier eta Danny Montgomery bateria-joleak.
Diska bilduma oparoa
1973. urtetik hona, Murphyk 25 diska argitaratu ditu eta kritikoek erantzun ezin hobea eman diote guztiei. Estreinako "Aquashow" lanari buruz 'Rolling Stone' aldizkarian honakoa irakur zitekeen: "Elliott Murphy eta bere lana gure aldean egongo dira rock and rollak bizirik dirauen artean".
Ordutik "Soul Surfing"-era heldu arte Elliott Murphyk estilo berezko eta jatorrari eutsi dio. Irudi poetikoek, istorioak kontatzeko maisutasunak eta arimaren barrunbeei begirako hitzek Murphyri jarraitzaile sutsu mordoa ekarri diote AEBtan. Europan, berriz, izar bihurtu dute. Berak gogoratzen duenez, "han inork ere ezagutzen ez ninduelakoan nengoen, Parisen emandako lehenengo kontzertuan sei bis eskatu zizkidaten arte".
Gaur egun, Elliott Murphy Parisen bizi da bere emazte Françoise eta bere seme Gaspardekin. Etengabe ari da kontzertuak egiten, hala bakarrik nola bere bandarekin. Musika sortzeko ahalmen itzela alde batera utzirik, ipuin bilduma bat eta hainbat hizkuntzatara itzulitako eleberri bat -"Hotza eta Elektrikoa"- idatzi ditu.