Ezker abertzaleko plataformek euskal presoak Euskal Herriratzea eskatuko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 10a, 17:13

Uribe Kostako hamar ezker abertzaleko herri plataformek euskal presoak Euskal Herrira ekartzea eskatzeko mozioak aurkeztuko dituzte udaletan. Mozioak "datozen aste zein hilabeteetan" jarriko dituzte, haiek aurkeztuta (Sopela Aurrerako kasua) eta, ilegalizatuta dauden lekuetan, beste alderdi batzuen bidez eginez edo plenoetan herriari dagokion txandak erabiliz.

Barrika Baietz, Erandioztarrok, Getxo Bizia, Gorliz Aurrera, Hain Ederra (Berango), Haize Abertzalea (Plentzia), Ipar Haizea (Lemoiz), Leioa Abian, Sopela Aurrera eta Urdulizen Bagara herri plataformek Euskal Herriko ezker abertzaleko herri kandidatura guztiek aurrera eramango duten ekimenaren barruan jardungo dute.

Izan ere, gaur goizean, Bilbo Aurrera taldeko Arantza Urkaregi eta Gazteiz Izango Amparo Lasherasek aurkeztu dute Bilbon euskal preso politiko eta sozialen hurbilketarako egitasmo berri hori. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) "Euskal Herria eraikitzeko erabakitan hitza izateko eskubidea bermatzea da helburu" esan dute plataformen ordezkariek. Era berean, azpimarratu dute udal guztiek mozioak onartzea nahi dutela "gatazkaren konponbide prozesuan partaide izan behar dutelako". Mozioaren testuan, besteak beste, "isolamendu eta dispertsioaren amaiera" aldarrikatzea eskatzen zaie udalei.

Uribe Kostako egoera

Uribe Kostan gaur egun 40 preso daude, Iñaki Sanchez Melendo "Peke" abenduaren 28an irten zenetik. Haietako bi, Jon Bilbao Moro astrabudutarra eta Gorka Garcia Sertutxa "Patas" algortarra hasi dira EPPKk abiarazi dituen hamar egunetako "txapeoen" lehenengo txandan.

Bestalde, 2003ko maiatzaren 25eko udal hauteskundeetan Uribe Kostako eskualdean kandidatura anitzei emandako 97.761 botoetatik 6.736 (%6,89) jaso zuten ezker abertzaleko herri plataformek. Data horretatik hona, ezker abertzaleko talde politiko bakarra, Sopela Aurrera, eskuratu du ordezkaritza legala. Hiru zinegotzi, alegia.

Beste ezker abertzaleko bederatzi plataformeetatik batek, Gorliz Aurrera, ez zituen lortu behar izango lituzkeen botoak balizko zinegotzirik eskuratzeko. Falta diren zortzi taldeek Alderdien Legearenpean ezeztatu dizkieten 10 zinegotziak aldarrizkatzen dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun