Lau gazte atxilotu dituzte Getxon mailuak eta aizkora erabilita telefonia dendan lapurtzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 10a, 20:34

Ertzaintzak eta Getxoko Udaltzaingoak lau gazte atxilotu zituzten igande goizaldean, erakusleihoan zuloa ireki ostean, telefonia denda batean lapurtzea egotzita. Polizia autonomikoak gaur jakinarazi duenez, mailuak eta aizkora bat erabilita sartu ziren dendan 19 eta 21 urte bitarteko gazte marokoarrak.

Gertaera goizaldeko bostak inguruan izan zen. Gazte talde bat dendako erakusleihoa apurtzen ari zirela ikusita ertzainei hots egin zien auzokide batek. Bertara hurbildu ziren polizia agenteek hiru lagun atzeman zituzten barruan, telefono mugikorrak eta hainbat osagarri hartzen ari zirela. Besteak beste, mailu bi, palanka, mazoa eta alarma-sistemaren hariak mozteko erabili zuten aizkora zeramatzaten lapurrek.

Beste laugarren laguna inguruak zaintzen zebilen eta Ertzaintza zetorrela ikusi zuenean alde egin zuen. Polizia autonomikoak horren berri eman zion Getxoko Udaltzaingoari eta handik lasterrera herriko gasolindegi batean egun berean Deuston ostutako Ford Fiesta autoa aurkitu zuen tokiko polizia agenteek; antza lapurrek ihes egiteko erabili behar zutena, zubia eginda eta martxan baitzegoen. Hori dela eta, metro geltokietako zaindariei abisua ematea egoki ikusi zuten.

Telletxeko geltokian

Goizaldeko seiak inguruan telefonia dendako laugarren lapurra izan zitekeena atzeman zuten Telletxeko metro geltokiko zaindariek. Jasotako argibideekin bat zetorrela eta esku eta besoetan hainbat zauri zituela ikusita, udaltzaingoei deitu zieten horiek atxilotu zezaten. Polizia iturrien arabera, hiru telefono mugikor, hainbat txartel eta osagai ugari zeramatzan eta, handik, Ertzaintzaren komisaldegira eraman zuten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun