Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren agiria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 11a, 15:27

Joan den aste- lehenean, urtarrilaren 3an, euskal preso politiko guztiok planto orokorra egin genuen Frantziako, Espainiako eta mundu zabaleko espetxeetan. Hamar minutuz, uko egin genion gure ziegetara itzultzeko aginduari. Espetxe diziplina hautsi genuen gatibu hartzen gaituzten gertuko zein urruneko espetxeetan.

Ekintza bateratu honen bitartez, gure Kolektiboak borroka dinamika iraunkor bati ekin dio. Sakabanaketaren kontrako borrokan beste aro bat abiatu du. «Nahikoa da!», ozen esateko tenorea iritsi da. Amaitu berri den urtean, Oihane Errazkin eta Kepa Miner kide eredugarriak galdu ditugu. Lehen, beste hamazazpi presokide gehiago galdu genituen. Eta gure senide edo lagun maiteen ar-tean ere hamasei gal-du ditugu aurtengoak gehituz gero, Leo eta Karmele. Agur eta ohore guztiei!

Luze eta ilunegia da heriotza zerrenda, beraz. Ez da laburragoa, hala ere, gure gainerako eskubideen urraketena: gure osasuna hondatzeko plangintza, zenbait kideren biziarekin akabatzerainokoa; isolamenduaren eta torturen areagotzea; komunikazioen murriztapen eta zangotrabak; euskaraz bizitzeko eragozpena; edota hezkuntza librea jasotzeko debekua.

Espetxe egoera zinez ankertu da azken urteotan. Parisko eta Madrilgo gobernuetan kolore bateko agintariak direla, kolore bestekoak direla, tematzen baitira gure Kolektiboaren kontrako politika errepresiboetan. Gure erresistentzia eta borroka grina bukatu nahi dute, horrela jatorri politikoa duen gatazka errazago desi-txuratuko dutelakoan. Baina gatazka ukatzeagatik ez da berau desagertzen, zazpiehundik gora euskal preso politikoren existentzia ukatzeagatik presook ere desagertzen ez garen hein berean.

Euskal Herria maite dugu. Euskal Herriaren alde lan eta borroka egin genuelako espetxeratu gintuzten. Gure herriaren askatasunaren alde egiten segitzen dugulako zanpatzen gaituzte; ukatu egiten gaituzte; gure eskubideak urratzen dituzte; eta isolamendu politikoa ezartzen digute. Kateatu eta makurrarazi ezinean da- biltzan borondate politikoa nahi dute preso, bai gure Kolektiboarena, bai gure herriarena.

Isolamendu politikoak are harresi altuagoa altxatu nahi du gure existentzia kolektiboaren eta Euskal Herriaren askapen prozesuaren artean. Bat garena zatitu nahi du. Soilik isolamendu politikoa saiatzeko mantentzen dute indarrean sakabanaketa, hamarkada eta erdi batez pairatu dugun espetxe politika kriminala, alegia. Oinarrizko eskubideak ez ezik, gure eskubide politikoak ere hanka azpian hartzen dituzte. Elkarrekin bildu, bizi, antolatu, hausnartu, ekarri euskal eztabaida politikora edo erabakitze prozesuetan parte hartzeko eskubideak, esaterako.

Euskal Herria bidegurutze batean dago. Esku zabaleko herritar eta borrokalari askoren ahalegin itzelari esker iritsi gara esparru politiko honetara. Herriak hitza ukan dezan aukera dago, baldin eta borrokari eutsi eta euskal herritar ororen eskubide guztiak aintzat hartuko dituen esparru berri baten alde indarra metatzen segitzen badugu. Euskal Herri osoaren autodeterminazio eskubidea: giltzarri. Euskal Herriak du hitza!

Askapen prozesuaren une honetan ere gure ekarria egin dugu euskal preso politikook, orain arte egin dugun grina bera dugula. Euskal Herriaren askatasuna dago jokoan: euskal preso politikook badugu hitza! Izan ere, isolamendu politikoarekin amaitu eta estatus politikoa aplikatuz gero eragingo dugu emankorren gatazkaren konponbide demokratiko baten alde, justizian eta autodeterminazio eskubidean oinarriturik.

Hona hemen, euskal presoak Euskal Herriratzearekin batera, gure estatus politikoa mamitzen duten eskubideak, modu banaezinean mamitu ere.

- Tortura eta tratu krudelik ez: ez isolamendurik, ez jipoirik!

- Osasun eskubidea: preso gaixo larrien kaleratzea.

- Komunikazio eskubidea: ez interbentziorik, ez mugarik!

- Hizkuntza eskubidea: euskaraz bizitzeko eskubidea.

- Hezkuntza eskubidea: ikasteko zangotrabarik ez.

- Euskal Herrian elkartzeko eskubidea.

- Antolatzeko eskubidea.

- Gure Mintzakidetzaren aitortza.

- Beste eragilekin harremanetan izateko eskubidea.

- Euskal eztabaida eta erabaki gune orotan parte hartzeko eskubidea.

ISOLAMENDU POLITIKOAREN KONTRA, ESTATUS POLITIKOAREN ALDE; EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA!

Hauxe da abiatu berri dugun borrokaldiaren ardatz nagusia, beraz. Estatus politikoa lortze aldera, urtarrilaren 3ko planto orokorrari segida eman diogu itxialdi txandakatu baten bitartez. Lehen txanda atzo, urtarrilak 4, abiatu zen. Txanda bakoitza hamar egunekoa izanik, batetik bestera gero eta presokide gehiago bilduko dira itxialdira. Eta hala behar izanez gero, borroka molde eragingarriagoetara joko dugu dinamika iraunkor honen baitan.

Oihaneren irri gardena maite dugulako, berak gure Kolektiboa maitatu zuen modu berean, Euskal Herriari eutsiko diogu gaur eta bihar, atzo bezala! -

Euskal Herria, 2005eko urtarrila


Euskal Preso Politikoen Kolektiboa
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun