Getxo udalerriko bigarren mailako futbol taldeko jokalariak diren gazteek "El Correo Español" eta ETBko Pásalo programari adierazitakoaren arabera, Athleticek jokatu zuen partida Itzubaltzeta / Erromon ikusi ostean, goizean irabazitako partida Bilbon afari batez ospatzera abiatu ziren. Gauerdian ailegatu ziren 20 eta 30 urte bitarteko gazteak Areetako geltokira, trena hurbiltzen zela, alegia.
Bi minutuko bidaia
Trena ez galtzeko eta beren lagunak txartelak atera behar izateagatik kanpoan geldi ez zitezen hiru gazte oraindik irekita zeuden ateetan gelditu ziren. Uniformez jantzitako zaindari batek era zatarrean "Barruan ala kanpoan?" galdetu zien. "Barruan" erantzun zuten hiru gaztek, beren lagunak presaka sartzen ziren bitartean.
Une horretan "lau mutiltxarrek", gazteen ustetan segurtasun langileak ere, barrura bultzatu zituzten. Bigarren mailako jokalariek "lasaitasuna" eskatu zuten eta "zaplasteko bat" jaso erantzun gisa. Hortik aurrera eta bi minututan hainbat kolpe hartu zituzten. Gazteen adierazpenen arabera, "ez ginen saiatu erantzuten, bestela txikitu egin izango gintuzten".
Epaiketari begira
Lamiakoko geltokira heldu bezain laster, trenatik kanporatu eta bertan ere berriro jipoitu zituzten. Ondoren, erasotzaileak beste nasara igaro eta hurrengo trena hartu zuten. Gazteek Ertzaintzara deitu eta gero, bederatzik Neguriko ertzain-etxean deklaratu zuten, goizeko seiak arte. Hamargarrena, Gurutzetako ospitalera eraman zuten apurtutako sudurra zela-eta.
Ostegunean arratsaldeko 6etan Getxoko justizia epaitegian burutuko den epaiketa azkarrari begira gazteek ez dira oso baikorrak Metro Bilbaok zaintza-bideoak aurkeztuko ez dituelakoan baitaude eta lekuko gutxi daudelako.