Zinegoak 2005 Bizkaiko beste sei herritara zabaltzeak "garrantzi handikotzat" jo du Txema Gonzalo Hegoak elkarteko presidenteak, "herri txikietan eta bereziki baserri giroan are zailagoa delako homosexualitatearen normalizazioa". Ildo horretan, "kulturari ekarpena" egiteaz gain; jaialdiaren helburua "gay, lesbiana eta transexualen egoeraren normalizazioa" bultzatzea dela adierazi du.
Areto ugaritan
Bilbaoko Gay-Lesbo-Trans 2. Nazioarteko Zinemaldiaren emanaldiak urtarrilaren 19tik 23ra izango dira, azpitiluludun jatorrizko bertsioan, Bilborock aretoan eta, lehendabiziko aldiz, Leioako EHUko campuseko Komunikazio eta Gizarte Zientzien Fakultatean. Hilaren 24tik 28ra, berriz, Berangon, Galdakaon, Getxon, Leioan, Portugaleten eta Sestaon eskainiko dira aurreko egunetan Bilbon aurkeztutako filmeak. Hain zuzen ere, emanaldiak areto gehiagotan egin ahal izatea nabarmendu du Roberto Caston Zinegoak jaialdiko zuzendariak, igaz baino hamar lan gehiago eskaintzea ahalbidetu duelako.
Bilborockeko sarrerak lau eurotan egongo diren arren, bost emanalditarako txartela ere badago 15 euroren truke. Unibertsitatean eta gainontzeko herrietan, berriz, dohainik izango da (Leioak izan ezik, bertan euro bat).
Sariak
Txema Gonzalok azaldu duenez, iaz eskaini zuten 4.750 euroko saria txiki geratu da, eta, hori dela eta, 7.500 euro emango dituzte aurten lau kategorietan banatuta. Izan ere, luzemetrai, dokumental eta laburmetrai onenei ematen zaizkienez gain, "genero ikuspegiaren barruan, lesbianismoaren gai hobeto jorratzen duen pelikula" sarituko dute, Bilboko Udaleko Emakume Arloaren eskutik.
Urtarrilaren 19an Arriaga Antzokian izango den inagurazio ekitaldian, berriz, Ventura Pons zuzendari kataluniarra omendu eta Zinegoak Ohorezko Saria emango diote. Besteak beste, Anabel Alonsok eta Iñigo Lejarzak aurkeztuko dute eta sei eurotan egongo dira sarrerak. Horretaz gain, 21ean jaia antolatu dute Bilboko Conjunto Vacio diskotekan eta, azkenik, 23an izango da Bilborocken amaiera ekitaldia (4 euro).