Alabaina, nola bizi izan dute korsikarrek irlaren frantsestasunaren eredu nagusiaren ospakizuna? Itxuraz bederen, irlan ugari dira oraindik Napoleonen estatuak, plakak, kale-izenak eta zenbait oroitgarri. Ematen du, beraz, kanpotarrentzat behinik behin, Korsikan indarra duela Napoleon izan zenaren oroimenak. Baina arreta gehiagoz begiratuz gero, ongi soma daiteke urte luzeetan irlaren ikurra izan den arrano inperialari nagusitasuna ari zaiola kentzen buruan zapi zuria duen mairuak, independentismoaren ikurrak, alegia,
Bestalde, mugimendu politikoa izan zen bonapartismoak Frantzian aspaldi desagertu zen arren Napoleon III.arekin hain zuzen ere Ajaccion oraindik biltzen ditu udal hauteskundeetarako boto dexente, eta orain ez daukaten arren, urte askotan alkatetza beren esku izan dute. Dena dela, eskuin lokalekoa den mugimendu hau aski erresiduala da dagoeneko.
République française Korsikan
Korsikaren independentziaren aldekoek badute bai, motiborik Napoleonen memoria ez maitatzeko, hark oso zorrotz jokatu baitzuen frantsestasunaren alde. 1797an, oraindik kontsula zela, hiru puntutan oinarritutako ediktua atera zuen: 1) Irla bi departamentuetan banatuta mantentzea; 2) Irlako Gobernu-postuetan Korsikan jaiotako inor ez ipintzea; 3) Irlan jaiotako berrogeita hamar haur Parisko ikastetxeetan banatzea. Irlaren nortasuna eta autonomia suntsitzeko pentsaturiko puntuak, zinez. Badaude egon, hala ere, Bonaparteren irudia garbitzearren irlan Errepublikaren oinarrizko ideiak hark sartu zituela diotenak. Baina hau ere nahiko sinestezina dirudi ezen, gauza jakina denez, Napoleonek 1806an tradizio monarkikoa berrezarri baitzuen Frantzian, egutegi errepublikarra desagerraraziz, eta dokumentu ofizialetatik zein txanponetatik République française titulua kenduz.
Areago, eta zalantzarik balego, Napoleonek berak, Sainte-Hélène irlan erbesteratuta zegoela, bere Memoriak idazten zizkion generalari honakoa aitortu zion: Je ne suis pas corse; jai été élevé en France, je suis donc français
Je suis plus champenois que corse. Ni ez naiz korsikarra; Frantzian hezi naute, beraz, frantsesa naiz
Txanpainarra naiz, korsikarra baino gehiago. Argiago, ezin.